Jon Odriozola: "Euskadi Murias-ek ezin du talde izaera galdu"

Xabier Urtzelai 2018ko aza. 30a, 18:30
Jon Odriozola

Jon Odriozolak urteak daramatza txirrindularitza profesionalak duen babes falta nabarmentzen. Errepidean zaila da 2018 honetan egin dutena baino lan txukunagoa egitea, eta 2019ra begira Tourreko agintariek aurretiko izen-ematea egiteko aukera eman diete. Taldeak hazten jarrai dezan, baina, Oñatikoak dio laguntza ezinbestekoa dela.

Azaroa, txirrindulariendako oporraldia; taldeetako agintariendako, ordea, ate asko jotzeko sasoia. 

Betiko martxan gabiltza gu, estres puntu batekin. Baina dagokigun lana egiten gabiltza. Gainera, gainean dugu denboraldiaurrea. Dagoeneko egin dugu lehenengo kontzentrazioa, eta, egia esan, denboraldia amaitu eta hurrengoa hasi, ia segidan egiten dugu gaur egun. Dagoeneko hasi zaizkigu lanak pilatzen.

2018a inflexio puntua izan da Euskadi Muriasendako? 

Inongo zalantza barik. Kirol arloan talde honek aurten lortu duena izugarria izan da, kontuan izanda baliabide aldetik muga handiak ditugula eta kontinental profesional mailako taldea garela. Euskal txirrindularitzan iraganean gauza handiak egin dira, baina orain egiten ari garenaz ere etorkizunean berba egingo da. Orain ez da horrenbeste baloratzen, baina urte batzuk barru baloratuko dugu.

Esan duzu datozen lau urteotan taldea Tourrean etapa garaipen bat lortzen ikusi gura duzula. Batzuendako, handikeria izango da, baina aurten Camperonan egin duzuena egin eta gero... [Vueltako 13. etapa Euskadi Muriasko Oscar Rodriguezek irabazi zuen]. 

Euskadi Murias gertutik jarraitzen dutenek ilusioarekin bizi dute egunen baten talde honek Tourrean irabazteko aukera izatea. Are gehiago, orain arte genituen ilusioak betetzen ari garela ikusita. Beste batzuendako handikeria izan daitekeela? Guk umiltasun osoz jarraituko dugu lanean, serio, baina badakigu aurten lortu ditugun helburuen ondoren hurrengoak horiek izan behar direla.

Tourrean etapa bat irabaztea oso zaila da, baina lehenengo pausoa eman duzue, aurretiko izen-ematea egin ahal izan duzue.

Gu gure pausoak ematen gabiltza. Hasiera-hasieratik oso harreman onak izan ditugu Tourreko antolatzaileekin, eta lan horri esker bagoaz gure bidea egiten. Hor, Francis Lafargueren lana ezinbestekoa izan da. Baina, sarritan esan dudana, guk bakarrik ezin dugu aurrera egin, beste batzuen laguntza ere behar dugu, babesletza, instituzioak... Gure eskuetan dagoen dena egiten gabiltza, eta, laguntza izaten badugu, Tourrerako bidea egingarri ikusten dut.

Zelakoa da Tourreko aurretiko izenematearen prozesua? 

Ez da erraza aurre-aukeratuen artean egotea. Halako lasterketak plataforma ezberdinek antolatzen dituzte –Tourra Amaury Sport Organisation (ASO) plataformak antolatzen du–, eta Tourreko antolatzaileen aurreaukeraketan badakit beste bizpahiru talde ere badaudela. Baina hemen garrantzitsuena da Tourreko antolatzaileek, jada, Euskadi Murias kontutan hartzen dutela. Eta hori aurrerapauso handia da, kontuan izanda guk urte bakarra daramagula kontinental profesional mailan.

Lasterketa askotan amaitu duzue 10 onenen artean; guztira, hamar etapa garaipen dituzue... Zein nota jartzen diozu taldeari?

Bikain altua. Lehen aipatu moduan, uste dut taldeari kategoriako lehenengo urtean ezin zaiola gehiagorik eskatu. Zernolako lasterketak irabazi ditugun, zelan irabazi dugun... Eta jakinda zein den gure aurrekontua. Nik aurtengo urtearekin ziklo bat ixten dut talde honetan, duela urte batzuk talde honekin ezarri nituen helburuak bete ditut, akaso, azkarregi, baina lan serio baten ostean. Eta orain, fase berri bati ekingo diogu. 

Dena dela, taldearekin errepidean lortu dituzuen garaipenak besteko albiste ona izango litzateke babesle berrien etorrera.

Txirrindularitza egoera zailean dago, ez da batere erraza babesle berriak bilatzea, eta enpresak ere ez dabiltza momenturik gozoenean. Akaso, ez daude krisialdi urteetako larritasunekin, baina egoera ez da erraza. Errekonozimendua beste modu batean iritsi zait, izugarria izan da jendearen partetik jaso dudan babesa, Euskaltel Euskadiko urteetan baino errekonozimendu handiagoa jaso dut. Baina egia da horrek ez duela balio izan babesle berriak proiektura gerturatzeko. Eta pena galanta ematen dit, gure partetik dena egin dugulako. Baina Murias enpresaren babesari esker lanean jarraitzea dagokigu.

Ikusmina piztu duen fitxaketa bat egin duzue, Beñat Intxausti.

Berez, muga handiak ditugu fitxaketak egin ahal izateko, aurrekontu txikia daukagulako. Beñaten kasuan, baina, bion partetik egin dugu apustua. Taldeko ziklista gazteendako oso garrantzitsua izango da Beñat moduko esperientziadun txirrindulari bat ondoan izatea, eta gure partetik ahalegin guztiak egingo ditugu Beñat ostera ere txirrindulari sentitu dadin. [Azken urteak geldirik egin ditu mononukleosi baten ondorioz].

Debagoieneko ziklista Julen Irizarrek eta Mikel Aristik taldean jarraituko dute 2019an.

Bai, eta asko espero dut biengandik, taldearen exijentzia maila oso handia delako. Bestela, ezinezkoa izango litzateke aurten batutako emaitzak batzea. Izan ere, Julenek profesional mailako lehenengo garaipena eskuratu du aurten, Portugalen, eta hor erakutsi du kapaza dela etapak irabazteko, baduela irabazteko sena; eta hori oso gauza zaila da. Eta Mikel Aristik, berriz, Tro Bro Leon lasterketan [Paris-Roubaix txikia] erakutsi zuen halako lasterketetan zer egiteko gai den –zazpigarren izan zen–. Lasterketa ederra egin zuen, horrelakoetan sekulako maila egoten da eta aurrean ibiltzeko gaitasuna daukala erakutsi zuen. Esperantza handia daukat biekin, eta espero dut aurten beste salto bat egingo dutela aurrera. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak