goiena.eus

Next Station, euskal ikus-entzunezko ekoizpenak sustatzeko lehiaketak, badu irabazlea

  Euskara  Debagoiena

Pasa den martxoan, Next Station lehiaketako hiru proiektu finalista aukeratu ziren, tartean Kepa Errasti aretxabaletarrarena. Bizkaiko Berrikuntza Faktorian goi errendimenduko egoitza artistikoan egon ostean, Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojo zuzendarien proiektua izan da hautatua.  Euskaraz eta 4K teknologiarekin grabatuko dute Puntu Koma serie digitala.

Next Station, euskal ikus-entzunezko ekoizpenak sustatzeko lehiaketak, badu irabazlea
Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojo zuzendariak. | Ikusi handiago | Argazki originala

Ia prest dago dena 4K teknologiarekin euskaraz egingo den lehenengo serie digitalaren errodatzeari hasiera emateko. Amaia Rojo eta Maialen Sorzabalbereren Puntu Koma serieak zortzi minutuko sei kapitulu izango ditu, eta EITBn eta Interneten eskainiko da. Baita webserieen jaialdi nagusietan ere, Bilbao SeriesLand-en, adibidez. Horrez gain, nazioarteko jaialdietara eta azoketara ere eramango da eta bertan, eskariaren araberako entretenimendu (VOD) plataformen aurrean aurkeztuko da, HBO edo Netflix, besteak beste.

Sorzabalbere eta Rojo, biak ere 1996an jaiotako donostiarrak, Zuzenbide eta Komunikazio gradu bikoitzeko eta Historiako ikasleak dira, hurrenez hurren, eta bietako batek ere ez du esperientziarik aurretik ikus-entzunezko medioetan.

Lehiaketaren irabazle gisa, 2DEOren, Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan sortu den euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzeko laborategi berriaren beste egonaldi intentsibo bat jasoko dute.

'Puntu Koma'

Serie irabazlea ospitale bateko logelan dago girotuta. Bertan, koman dauden lau gaixoren senideak, bikote gor-mutua, bikote ijitoa, bi amek osatutako bikotea eta aurreiritziz betetako 65 urteko emakume tradizional bat elkarrekin bizitzera behartuta egongo dira, elkarren arteko harremanak onak ez diren arren; baita lankidetzan aritzera ere, gaixorik dauden beraien senideak eta senarra ezkutuan ezagutzen direla jakitean.

ETBko Gorka Garcíak eta Itziar Azpeitiak, eta Jokin Etcheverria, Diego Urruchi eta Elbio Nielsen Next Stationen sortzaileek osatutako epaimahaiak gidoiaren originaltasuna azpimarratu du, izan ere, "suspensea izateaz gain, gizarte mailako eztabaida zabaltzen baitu, eta lengoaia bikoitz hori da, hain zuzen ere, serieari indarra ematen diona". Horrez gain, gaiak gaur egungoak eta unibertsalak diren ardurei erantzuten die, eta beste hizkuntza eta merkatu batzuetara egokitzeko aukera eskaintzen du. Horrek asko errazten du salmenta eta nazioartera zabaltzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa