"Iruzur" baten ondorioak pairatzen ari den familia

Eneko Azurmendi 2018ko mai. 12a, 12:33
Abdulqadar Mohamed Riaz eta Sana Riaz, euren semearekin, Djamila Zereiby alboan dutela.

Lanbidek diru sarrerak bermatzeko errenta eten zien 240 pakistandarri martxoan, Ertzaintzak Pakistango ondare higiezinen dokumentuak "faltsutzen" zituen talde bat atzeman ostean; horrek zuzenean eragin die Debagoieneko zenbait familiar.

"Pakistandar batzuek dokumentuak faltsutu izanak ez gaitu pakistandar guztiok errudun egiten". Hala adierazi du Abdulqadar Mohamed Riazek, zuzenean kaltetuetako batek. "Dokumentuak faltsutu dituzten horiek dira errudunak, eta beste pakistandar guztioi eragin digu haiek egindako gaiztakeriak. Kalean ere gaizkileak bagina bezala begiratzen digute, eta guk ez dugu zertan hori jasan". Adierazi du "ezer gabe" gelditu direla Lanbidek diru laguntza kendu dienetik. Izan ere, euren egoera erregularizatu gabe dute hark eta emazteak, Sana Riazek, eta ez dute apenas diru sarrerarik. Sanak Caritasen egiten du lan, egunean lau orduz, baina hilean 140 euro besterik ez du irabazten, eta gizonak ez du lanik. Horrez gain, bi seme-alaba dituzte, 10 eta 13 urtekoak. Lana aurkitzeko "edozer gauza" egiteko prest daudela diote, baina egoera erregularizatu gabe "oso zaila" dela azaldu dute.

Alokairuan bizi dira, eta, orain artekoa ordaintzea lortu badute ere, azaldu dute kalean geratzeko arriskuan daudela. "Zenbait familia pakistandarrek ematen digute dirua, ordaintzen joateko, eta orain arte moldatu gara, baina ez ditugu gehiago molestatu nahi, ezin gara beti eskean aritu", dio Sanak. Djamila Zereibyk, Emakume Musulmanak Euskal Gizartean Integratzeko Elkarteko presidenteak, dio familia pakistandar asko geratu direla egoera antzekoan, "baina familia honen kasua larriena dela esango nuke, diru laguntza gabe gelditzeaz gain, euren egoera erregularizatu gabe dutelako. Ez dute ezer".

Haurrak lehentasun

Zereibyk gaineratu du elkartetik hainbat ate jotzen ari direla, lanen bat aurkitzeko bietako edonorentzat. "Baina, dauden egoeran egonda, ez da erraza. Janaria erosi eta haurrei jaten ematea da haien lehentasuna. Haiek babestea da garrantzitsuena. Bi haur dituzte, eta baldintza horietan ezin diete behar duten guztia eskaini".

Egoera nahasia

Iruzurra atzematean, Lanbide espedienteak aztertzen hasi zen, eta, antza, zigiluak modu ilegalean eskuratu eta Pakistanek Madrilen duen enbaxadatik pasatu gabe aurkezten zituzten dokumentuak. Baina zigilu bat baino gehiago behar ditu dokumentu horrek balio izateko. Lanbidek ere ez du garbi zeintzuk diren beharrezko zigiluak, eta egoera aztertzen ari da.

Norbanakoak eta familiak dira kaltetuak, eta horien artean ere askotariko egoerak daude. Batzuek, adibidez, urtebete itxaron beharko dute dokumentu hori berriz aurkeztu ahal izateko. Gizarte zerbitzuek adierazi dute "malguago" jokatuko dutela kaltetu horiekin, "egoera argitu bitartean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak