Mozambikeko lana herrira zabaltzeko saioa

Xabi Gorostidi 2018ko urt. 12a, 10:00

Harreman GKEk hitzaldia antolatu du gaur, Mundukideko kideek Mozambiken egiten duten lana arrasatearrekin partekatzeko. Diru emaile berriak erakartzea eta egungoei informazioa ematea da asmoa, eta Txorbela otxoteak abestu egingo du

Harreman gobernuz kanpoko erakundeak arrasatearrak sentsibilizatzeko asmoarekin jarraitzen du buru-belarri, eta, helburu horretan sakontzeko, hitzaldi interesgarria antolatu du gaurko. Hitzordua Kulturateko areto nagusian izango da, 19:00etan, eta, besteak beste, 2017ak utzitako balantzea aztertuko dute.

"Urtean zehar hainbat ekintza antolatzen ditugu gure proiektuetarako dirua batzeko: Elkartasun Eguna, zarzuela... eta gaurko bileran, batutako diru horiek non inbertitu ditugun azalduko dugu", adierazi du Andoni Uribetxebarriak, elkarteko kideak.

Horren harira, Harremanentzat estrategikoa den proiektu bati buruzko xehetasunak emango dituzte; hain zuzen, Mundukide mozambiketarren garapen ekonomikoa ahalbidetzeko garatzen ari den programari buruzkoak. Programa horren gidari den Beñat Arzadunek hartuko du hitza, orain arte landutakoak azaltzeko eta etorkizunerako dauzkaten erronkak zehazteko.

Baserritar eraginkorragoak

Hamasei urteko ibilbidea dauka Mundukidek Mozambikeko Marrupa eskualdean. Hain zuzen ere, programa horren helburu nagusia da bertako baserritarren ahalmen ekonomikoa eta bizimaila hobetzea, batez ere, dituzten baliabideei etekin handiena ateratzen.

Hasieran, aldaketa txiki eta praktikoen bitartez, nekazaritza eraginkorrago bat garatzen hasi ziren. Adibide bat jartzearren, lehen, euri sasoietan egiten zen nekazaritza ekoizpen handiena, baina, urak kanalizatuta eta putzuak sortuta, urte osoan zehar ekoizteko aukera izaten hasi ziren, eta horrek onura asko dakartza.

Ekoizpena handitzeak baserritarren gaitasun ekonomikoa handitu du, eta, horrekin batera, gizartearentzako hainbat oinarrizko zerbitzu martxan jartzea ere bai. "Duela hamabost urte ez zegoen medikurik, ez ospitalerik, ez telefonorik, ezta argindarrik ere. Eskolak kuartel zahar batean zeunden eta distritu barruan ez zen biderik. Baina urte hauetan hainbat hobekuntza egin dira: 400 ikaslerentzako eskola barnetegia, ospitale berrirako ingeniaritza plana, 200 kilometro errepide, edo mikrokreditu plana" azaldu du Arzadunek.

Gaur egun, 24 pertsonako lan taldea dago bertan, 12.000 baserritarri negozio aukerak bilatzeko, asistentzia teknikoa emateko inputak eskuratzen laguntzeko eta ekoiztutako produktuak saltzen laguntzeko.

Mundukideren ekarpena zenbakitan

2002an heldu eta gaur egunera arte egindako lanak emaitza oparoak utzi ditu Mozambikeko Marrupa eskualdean.

"Orain dela hamar urte 500 baserritarrekin lan egiten genuen, eta gaur egun 12.000 baserritarrekin baino gehiagorekin dihardugu. Enplegu sortzaile eragile garrantzitsua gara bertan. Gure lanaren bidez baserritarrak irabazten ari diren dirua 5.000 lanposturen soldatarekin pareka daiteke. Ondorioz, Marrupan eraldaketa bat abiatu zen. Inongo negoziorik ez izatetik ia miloi bat euroko nekazari komertzializazioa edukitzera pasa da. Mundukide erreferentzia bat da Marrupan".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak