goiena.eus

Oporretan animaliek badute non geratu

  Gizartea  Bergara  Debagoiena GAURKOAK

Bergarako Elurra txakurtegian animalia ugari zaintzen dituzte udan eta bereziki abuztuan. Txakurrez gain, katuak edota txoriak ere zaintzen dituzte besteak beste, jabeak oporretan kanpoan dauden bitartean. 

Hilabete bukaerarekin batera, jendea udako oporretatik itzultzen hasi da poliki-poliki. Hortaz, Bergarako txakurtegitik euren animaliak jasotzen ari da egunotan jendea. Dena den, abuztu erdialdean beteta egon omen da, Elurrako Axen Garitanok azaldu duenez.

Garitanok dioenez, ezagun da orain jendeak opor laburtxoagoak hartzen dituela, eta lehenago etortzen direla txakurren bila. "Egia esanda, 25 urtean, aurtengoa izan da urterik eskasena. Bestetan ehun txakur inguru izan ohi ditut, eta oraingoan berrogeita hamar inguru izango ziren. Katuak eta untxiak eta halakoak bai, baina, txakurrekin igarri dut jendeak krisiarekin atzera egin duela". 

Izan ere, Axen Garitanok txakurrez gain konpainiako beste hainbat animalia ere zaintzen ditu. "Eduki ditut untxiak, katuak, txoriak... denetarik apur bat".

Elurra txakurtegiak opor garaian animalien hotel moduan funtzionatzeaz gain, utzitako edo kalean galdutako txakurrak eta katuak ere zaintzen ditu, Udaltzainek ekarritakoak eta abar."Aurten, egia esanda, ondo nabil. Oraintxe bertan utzitako bost txakur bakarrik ditut, eta, zorionez, kolokatu egiten ditut. Nik kalean lagatakoak batzen ditut, eta gero, hilabetera, nagusia agertzen ez bada, adoptatzera etor daitezke". Hala, Garitanok dio utzitako txakur gehienei jabe berria topatzen lortzen duela, eta bitarte horretan ondo zainduta izaten ditu.

Uda lan handiko sasoia izan ohi da Garitanorendako. Hala ere, Elurra urte osoan zehar egoten da zabalik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa