Arratsalde borobila izan da Atxabalpekoa. Eta, aurreikusi bezala, Atxabalpeko harmailek itxura ederra erakutsi dute Eibarren eta Barakaldoren artekoan. Mondra futbol taldeak ere bete du helburua. Batetik, klubeko ordezkari mordoa –jokalari, guraso edo zuzendaritzako ordezkari– izan da buru-belarri lanean, txosnan, errifak saltzen, berdegunean segurtasuna bermatzen, eta, seguru, urteko aurrekontuan bultzada izango dutela, jendeak erantzun egin du eta. Udal ordezkariak izan dira norgehiagoka jarraitzen, baita federazioko ordezkariak ere; eta berdegunean batu diren bi taldeek arazo barik jokatu ahal izan dute denboraldiaurreko norgehiagoka. Atxabalpek, gaur, entrenamendu zelai izateari utzi dio, 90 minutuz ez bada ere, futbol zelai bilakatzeko.