Lapurtutako 2.000 dokumentu historiko berreskuratu dituztela jakinarazi dute

Filatelia zale batek bereganatu zituen milaka dokumentu historikoren arrastoa jarraitu du Ertzaintzak hainbat urtetan eta gaur horren berri eman dute. Ikerketa horri esker 2007tik 2011ra bitartean Euskadiko eta Estatuko hainbat artxibotatik, besteak beste Bergarako Udal artxibotik, iruzur eginez ateratako dokumentu-kopuru esanguratsua aurkitu eta berreskuratu dituztela jakinarazi dute.

EHUren Problemas derivados del régimen de protección de los bienes culturales en el País Vasco udako ikastaroaren esparruan, gaur, uztailak 6, Donostiako Miramar jauregian egindako prentsaurrekoan izan dira Segurtasuneko sailburu Estefania Beltran de Heredia, Kultura Ondarearen zuzendari Imanol Agote, Bergarako alkate Elena Lete, Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Sekzio Zentraleko buru Klemente Garai, Ondarearen aurkako Delituen Sekzio Zentraleko buru Koldo Olabarrieta, eta Ertzaintzako Ondarearen aurkako Delituen Areako Agente Iñaki Salgado.

2001 eta 2015 artean egindako ikerketa

2011n jarri zuten abian ikerketa –Bergarako Udalak salaketa bat aurkeztu ondoren– filatelia zale bat atxilotu zutenean Euskadiko hainbat artxibotatik dokumentu historikoak ateratzea leporatuta.

2011tik 2015era bitartean egin zuten ikerketa hori Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Sekzio Zentraleko Ondarearen Taldeko agente espezialistek eta Euskadiko eta Espainiako hainbat artxibotatik, 2007az geroztik, legez kontra ateratako milaka dokumentu historikoren arrastoa jarraitu zuten. Kultura-ondasun historikoen espoliazioaren aurka Ertzaintzak egindako operaziorik handiena izan zen.

2.000 dokumentu berreskuratuta

Gutunak operazioa izeneko ikerketa horri esker 2.000 dokumentu berreskuratu zituzten; horietako 160 inguru Euskal Autonomia Erkidegoko artxiboek babestuta zeuden lapurtu artean. Guztiak 1604 eta 1895 urte artekoak dira eta horien artean daude Felipe III. eta Felipe IV. erregeen hainbat gutun. Bergarako Udal Artxiboaren estimazioen arabera, bertan 238 dokumentu lapurtu zituen eta horietatik 36 berreskuratu ditu Ertzaintzak.

Bergarako Epaitegiak hasieratik izendatu zuen aditu bat, peritu judizial bat, berreskuratutako dokumentuak aztertzeko, eta honek adierazi zuen horietako batzuk Euskadiko funtsetakoak zirela. Euskadiko dokumentuengatik erosleek ordaindutako prezioa kasuren batzuetan 400 euro ingurukoa zen ale bakoitzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.