Dapena ere Europakora doa, Carrascalekin eta Ruiz de Azuarekin batera

Xabier Urtzelai 2017ko uzt. 4a, 10:06
Istar Dapenak Valentzian bertan jaso zituen Malen Ruiz de Azuaren eta Jonathan Perez entrenatzailearen zorion mezuak. Argazkia: Jonathan Perez/Facebook.

Azken bi asteak oso emankorrak izan dira Arrasateko atletismorako, Istar Dapenak eta Eneko Carrascalek urteko helburuetako bat lortu dutelako, Europako Txapelketarako sailkatzea. Arrasateko kirolari onena izendatu duten atletak, Eneko Carrascalek, Ordizian lortu zuen gutxieneko marka gainditzea. Istar Dapena, berriz, promesa mailako Espainiako azpitxapeldun izan da asteburuan. Malen Ruiz de Azuak lehenagotik zuen txartela eskuratuta.

Horrenbeste lan egin eta gero, aire libreko denboraldia badabil emaitzak ematen, Malen Ruiz de Azuak, Istar Dapenak eta Eneko Carrascalek –azken horrek junior mailan– Europako Txapelketan lehiatzeko txartela eskuratu dute-eta.

Eneko Carrascalek duela aste gutxi aitortu zuen, Arrasateko udaletxean egindako Kirol Sarien ekitaldian, lesio baten ostean gura baino atzeratuago zeramala prestakuntza, baina bazebilela erritmoa hartzen, eta gogotsu ari zela entrenatzen. Aste gutxi zituen –uztailaren 20tik 23ra Italian, Grosseton-en– Europako Txapelketara sailkatzeko, baina sentsazio on horiek Ordizian egindako topaketan berretsi zituen, 15,54ko marka eginda lortu zuen Europarako txartela. Eta, bide batez, marka pertsonala 19 zentimetrotan ondu zuen. Hala, aurten ere Europako Txapelketan izango da arrasatearra.

Espainiako Promesa Txapelketan, bigarren

Asteburuan, berriz, Istar Dapenak eman du albiste ona, Torrent-en (Valentzia) egindako Espainiako Promesa Mailako Txapelketako bigarren postuak (5,21) eman dio-eta Europan lehiatzeko eskubidea –Adrian Valles izan zen txapelketako onena (5,50)–. Hala, salto horri esker Istar Dapena lehenengoz lehiatuko da nazioartean, eta Malen Ruiz de Azuarekin batera izango da Bydgoszcz-en –Polonia– egingo duten Europako Txapelketan –uztailaren 13tik 16ra. Hain zuzen, Europan lehiatzeko txartela aspalditik poltsikoan duen Ruiz de Azuak ez zuen Valentzian gura moduko lan-saioa egin, eta 12. postuarekin konformatu behar izan zuen, eta azken aste hauek azken zuzenketak egiteko baliatuko ditu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak