'Puntua': Harrotasunez aldarrikatzen

Ekainaren 28a da gaur, Harrotasun Eguna edo Sexu Askatasun Eguna, LGTBI+ mugimenduak dituen aldarrikapen ezberdinak batzeko eta aldarrikatzeko eguna. Barikuan kaleratutako Puntua-k erreportaje nagusia eskaini zion gaiari eta Ixotx Louyesten, Mireia Gallastegiren eta Estitxu Lobatoren eta Manex Agirreren testigantzak jaso.

Ixotz Louyest Unamuno: "Homosexualitateak hainbat gauza lortu ditu; gu, oraindik, atzerago gaude”

“Ni transexuala eta bisexuala naiz”. Argi eta garbi adierazten du Ixotz Louyest Unamuno bergararrak. Aurten, Harrotasun Egunean, transexualitatea jorratuko dute, bereziki, Debagoienean, LGTBI+ kolektiboaren barnean “letra guztiek” dute-eta garrantzia. Hori dela eta, bergararrak dio hainbat aldarrikapen plazaratzea “ezinbestekoa” dela: “Borroka 365 egunetakoa da guretako. Transexualitatea ez da inongo trastornoa, eta, horregatik, sigla guztiez hitz egin behar da. Homosexualitateak hainbat gauza lortu ditu, eta gu, adibidez, oraindik, atzerago gaude. Beraz, borroka batera egitea da kontua. Eguneroko bizitzan nire alea jartzen saiatzen naiz, zuzenean eragiten nauen kontua delako, eta ez litzaidake gustatuko nire atzetik datozenek nik pasatu behar izan dudana pasatzea. Nik 12 urte inguru nituenean ez zegoen hainbesteko informaziorik, eta zaila izan da. Jendeak ez zuen ulertzen edo errespetatzen, eta mota ezberdinetako erasoak jasan behar izan ditut. Errepresio hori berriz itzultzea ez dut nahi. Horregatik, ez da bakarrik homosexualek borrokatu behar duten kontu bat. Tristeena borrokatzen ibili beharra da, baina lesbianak, bisexualak, transexualak... ere bagaude eta baditugu gure aldarrikapenak”.

Berak bizi izan behar duena bere ondoren etorriko direnek ez igarotzea nahiko luke Ixotz Louyestek: “Ni 25 urterekin hasi nintzen psikologo klinikoarekin. Ordura arte banekien, baina, nolabait, isilpean ibili behar izan dut 25 urtez. 7 urterekin, gutxi gorabehera, banekien, baina ez nuen hitza oraindik, ez nekien nola definitu nire egoera. Ni alua nuen mutil bat nintzen, eta ez zen erraza izan etxekoei hori azaltzea. Familiari kostatu egin zitzaion dena ondo enkajatzea, beldurra zutelako gizarteari begira. Hala ere, gero, lagundu egin didate. Euren informazio falta izan zelako ere bai. Gaur egun, nire emaztea emakume transexuala da, eta gure borroka egunerokotasunean ere eramaten dugu”.

Identitate sexualei dagokienez, transexuala ez dela identitate ezberdin bat defendatzen du bergararrak: “Askatasun sexuala defendatzen dugu; bai, noski. Transexual asko homosexualak dira edota bisexualak ere bai, baina, identitate sexualekiko askatasunaren inguruan berba egitean, gu ez gara beste identitate sexual bat. Ni gizona naiz, ez naiz beste identitate sexual bat transexuala naizelako. Eta transexuala den emakumea, emakumea da, beste edozein emakumeren moduan. Hori ere aldarrikatu nahi dugu. Identitate transetatik kanpo sentitzen gara. Gure identitate sexuala beste edozein pertsona zisexual edo zisgeneroren berdina da. Beste kontu bat da trabestiak edo drag-ak, edota sexu bateko edo bestekoak sentitzen ez direnak. Ez dugu nahi gu sailkatzea, gu aparteko identitate sexual bat garela esaten dutenek egiten duten moduan”.

Heztea eta entzutea, gakoak

“Haur eta adingabeei entzutea, arlo guztietan. Helduek eurei entzutea eta errespetatzea. Eta inoiz ume horrek adierazten badu, adibidez, ez dela neska, baizik eta mutila, hori onartzea, elkartasuna adieraztea eta haien eskubideak bermatzea. Hori oso garrantzitsua da eta Chrysallis elkartea horretan dabil buru-belarri. Gurasoen erabakien edo iritzien gainetik, haurren ongizatea bermatu behar dugu. Umeari lagundu eta entzun behar zaio, eta haurrak edo adingabeak prozesua hasi nahiko balu, errekurtsoak eman beharko litzaizkioke. Noski, zakila duten neskak daude, eta alua duten mutilak. Ez da ohikoena, baina biologia liburuetan ere azaltzen dira. Gure eskolako liburuetan, ordea, ez ziguten eta ez digute hori erakusten”, azaldu du.

“Gizartea heztea, hori da aldarrikapen nagusietako bat. Transexualitatearen gaia gero eta gehiago ikusten da, komunikabideetan ere bai, nahiz eta, askotan, oraindik, haiek ere gehiago landu beharko luketen gaia, ez dutelako ondo jorratzen. Hezkuntzan, haurtzarotik hasita sexualitate eskolak ematen direnean, ez litzateke mugatu beharko emakume eta gizon kontzeptu tradizionaletan. Denetik dago, eta benetako errealitate guztiak barneratu beharko lirateke sexualitate hizkuntza ematen denean”, dio Ixotz Louyestek.

Gainera, sexuz aldatzeko tratamenduak osasun sistemak jaso beharko lituzkeela azpimarratu du bergararrak: “Osasun tratamendu guztiak, mota orotarikoak, murrizketarik gabe aldarrikatzen ditugu. EAEn eta Nafarroan lege integralak onartu zituzten, eta gure ebakuntzak Osakidetzan eta Osasunbiden barneratuta egongo zirela bermatu zuten. Hala ere, oraindik ez ditugu guztiz bermatuta ikusi, eta niri, adibidez, azken ebakuntza atzera bota didate. Gurea ere behar bat da; ez da kapritxo bat. Egiten duenak behar duelako da. Gainera, ez da inoren gustukoa ebakuntza bat egitea, anestesia totalarekin, eta auskalo handik nola irteten zaren”.

Bisexualitatea, ikusezin

“Ni transexuala eta bisexuala naiz, eta ohitura handia dago bisexualitatea lizunkeria kontuekin lotzeko. Sexuan besterik pentsatzen duten pertsonak direla. Mundu guztia bisexuala dela esaten dutenak ere badaude, eta hori ere ez da. Pertsona batek ez du erabakitzen zer izan, orientazio sexual kontuetan. Zuk ez duzu erabakitzen heterosexuala, homosexuala edo bisexuala izatea. Zara edo ez zara. Askotan, berandu konturatzen zara, ez duzulako onartu nahi gizartean errepresalien beldur zarelako, baina bisexuala izatea heterosexuala edo homosexuala izatea bezain naturala da. Eta benetan oso ikusezina izan da, gainera, bisexualitatea heterosexualitatearekin edo homosexualitatearekin alderatuta”, dio Louyestek.

Transfobiatik ihesi

Gurean ere beste herrialde batzuetatik transfobiatik ihesi datozen pertsona ugari daudela azaldu du bergararrak: “Naziotasunik gabeko pertsonen eskubideak bermatzea, transfobiatik edota homofobiatik ihesi datozen errefuxiatuei asilo eskubidea bermatzea eta izena zein sexua zuzentzeko eskubidea ez ukatzea. Gero eta gehiago ikusten da, gainera, haien herrietan mehatxuak eta hilketa saiakerak izan dituztelako. Toki dezente daude nazioartean oraindik, eta hemen babesik gabe daude”.

Mireia Gallastegi eta Estitxu Lobato: "Homosexualitateak hainbat gauza lortu ditu; gu, oraindik, atzerago gaude” 

Mireia Gallastegi eta Estitxu Lobato bergararrendako, Harrotasun Eguna “aldarrikapenerako eguna” da. “Gure kolektiboa osatzen duen jendearendako beldur hori kentzea aldarrikatzeko eguna da. Gizartean dago arazoa. Norberak ez du arazoa joera bat edo beste edukitzeagatik. Orduan, gizarteak oraindik erasotzen bagaitu edo marjinatzen bagaitu, beldur hori kendu behar dugu. Pertsona normalak gara, eta gure maitatzeko modua hau da. Maitasunak ez du modurik ezta kolore unibertsalik. Modu asko daude. Horregatik aldarrikatu nahi dugu jendea animatzea libre izatera bere maitasuna adierazteko”, adierazi du Gallastegik.

Harrotasun Egunean “denei” parte hartzeko dei egin die bergararrek. “Askatasun indibidualen gainean ari gara. Ze ezberdintasun dago bataren eta bestearen artean? Norekin oheratzen garen, edo nor maitatzen duzun? Azkenean, denok gara pertsonak eta ortzadarraren banderaren azpian denok gaude. Heterosexualak ere bai, nahiz eta Harrotasun Egunaren eta LGTBIQ kolektiboaren sinbolo izan”, dio Mireia Gallastegik.

Ospatzeko gogo handiagoa

“Aurten, bion artean umea eduki dugula eta bi ama garela esatean entzun behar ditugun komentarioak ikusita, ospatzeko gogo handiagoa dut. Familia bat gara eta hori aldarrikatu nahi dugu. Jendeak uste du egoera jada normalizatuta dagoela, baina ez da egia. Aurrera begira alaba zerekin topatuko den ikusita, gehiago aldarrikatzeko beharra dagoela uste dut”, dio Estitxu Lobatok.

“Elkarrekin hasi ginenean oso txarto pasatu genuen, jendeak begiratu eta hitz egiten zuelako. Bi neska, adinean ere aldea... Baina guretako naturala dena denondako izan beharko litzateke, azkenean”, azpimarratu du Lobatok.

Manex Agirre: “Berba egiten da, baina ikusezintasun handia dago oraindik”

Kitzikaneko, sexu askapenerako gazte antolakundeko, kide da Manex Agirre arrasatearra (28 urte). Iaz Harrotasun Egunak Arrasaten izandako arrakastak aurten ere aldarrikapenekin aurrera jarraitzeko animoak eman dizkiela azaldu du: “Duela hiru edo lau urte hasi ginen ekainaren 28an eskualde edo herri mailan aldarrikapena egin guran, hirietatik ateratzeko eta ‘gu ere hemen gaude’ esateko. Ez gara asko, eta eskualdeko beste eragileei deialdia egitea pentsatu genuen, denon artean egiteko. Iaz sexilioaren kontzeptua izan zen gaia; hirietara ihes egiten duen jendea, hain zuzen, herrietan ezin delako aske bizi edo azaldu, eta, egia esan, arrakastatsua izan zen. Jende pila bat batu zen, eta, guretako, kristorena izan zen. Herrietan ere aldarrikatzea eta hemen gaudela esatea da helburua. Gaiaz berba egiten da, baina ikusezintasun handia dago oraindik”. 

Jaiegun hutsa baino gehiago

“Harrotasun Eguna, niretako, harrotasuna azaltzeko eguna da, nahiz eta kontzeptua nahiko ahulduta egon. Askotan, ematen den irudia jaiegun batena da. Jaia ere bada, baina, askotan, puntu fribolo batetik. Ematen du gauzak normal daudela eta oso toleranteak garela eta dena oso polita dela, baina gero, jarrera homofoboak edo transfoboak oso ohikoak dira. Jendeak diskurtsoa ondo daki, baina oraindik erreparoak eta erresistentziak badaude. Horregatik, gu hemen gaudela aldarrikatzeko eguna da. Eta hau ez da hirietako gauza esklusiboa. Jende asko gaude hemen ere, eta herrian gura dugu bizi”, azpimarratu du arrasatearrak.

“Askotan, kontzientzia pizteko eguna ere bada. Kitzikan duela bi urte sortu zen, eta Arrasaten, behintzat, jende gaztearen artean txip aldaketa bat eman dugula pentsatu nahiko nuke”, dio Manex Agirrek.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.