Roboten arteko sumoa, hobeto ikasteko bultzada

Robot-Sumo lehiaketa baten hartu dute parte asteon MUko Goi Eskola Politeknikoko ingeniaritza mekanikoko ikasle talde batek Ordiziako fakultatean; sailkapenaz harago, irakasleak eta ikasleek eurek onartzen dute halako aitzakiekin hobeto ikasten dela.

Sumoa eta robotika batzetik datorren diziplinan oinarritzen dira Robot-Sumo lehiaketak. Labur azalduta, bi roboten arteko borrokak dira eta robot batek bestea Dohyo izeneko zirkulutik –sumoko borroka gunea– ateratzea da jokoaren funtsa. Robot horiek, autonomoak edo erabiltzaile batek gidatuak izan daitezke eta robotak bere lehiakidea aurkitzeko eta gailentzeko mugimenduak osatzeko beharrezkoa den mekanismoak diseinatzean eta eraikitzean dago lehen erronka. Bigarrena, lehian bertan dago. Eta bi erronka horiek gertu-gertutik bizi izan dituzte Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ingeniaritza mekanikoko ikasle talde batek.  

Aitzakia ikasgaia barneratzeko

Izan ere, Sumobot-ak eraikitzen aritu dira ikasturte honetan eta  eguaztenean lehiaketa izan zuten Ordiziako fakultatean. Arrasateko Goi Eskola Politeknikoko hirugarren mailako mekanika ikasleen taldea izan zen irabazlea, eta Goierriko fakultateko taldeak izan ziren bigarren eta hirugarren. Sailkapena, baina, ez da lehentasuna izan, Jurgi Barreña irakaslearen arabera: "Azken finean, aitzakia bat da ikasleek teorikoki ikasten dutena praktikara eramateko. Hala, kontzeptuak eta orokorrean ikasgaia bera askoz hobeto barneratzen dute, betiere taldean lan eginda. Paperean dagoen hori errealitate bihurtzen hasten direnean sortzen diren arazoei irtenbide bat eman behar izaten diete eta hor ikasten dute gehien".

Lehiaketan parte hartzeko arau batzuk zehaztu zituzten: besteak beste, Sumobot-ak gehienez 25 kilo izan behar zituela, 500 x 400 milimetroko azalera izan behar zuela gehienez –altueran ez zegoen mugarik– eta lehiakidea ezin zuela suntsitu, trakzio gabe utzi edo bultzatu egin behar zuen Dohyo-tik irteteko. Aipatzekoa da Arrasateko talde guztien kasuan, robota bluetooth bidez kontrolatzeko aplikazio bat erabili dutela.

Aurretik beste esperientzia batzuk ere izan dituzte robotikaren bueltan: tenis pilotak botatzen zituen robota, intxaurrak apurtzen zituena, eskailerak igotzeko egindakoa...

Ikasleak ere gustura

Ikasleek ere eskertzen dituzte halako ekimenak. Lehiaketaren aurretik urduri zeuden gehienak, baina asko ikasten dela diote: "Beti dago zer hobetu, baina pozik gaude egindako robotarekin. Tailerrean ez gara oso trebeak eta hor izan ditugu arazo handienak, baina azkenean moldatu gara. Klasean egotea baino askoz gehiago ikasten da, dibertigarriagoa da. Amaieran emaitza ikustea oso pozgarria da", uste du Joseba Etxebarte ikasleak. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.