200 lan eskaintza baino gehiagorekin dator Lanbai

Ubane Madera 2017ko eka. 13a, 08:00
Iazko azokaren irudietako bat.

Ekainaren 22an, Arrasaten, Garaia Berrikuntza Gunearen 11. eraikinean, 10:00etatik 14:00etara. Orduantxe egingo dute aurtengo Lanbai azoka, zifra esanguratsuekin datorrena: 52 enpresa, 200 lan-eskaintzatik gora, eta 700 lan-elkarrizketa baino gehiago; azken horiek 10:00etan hasi eta 13:45ak arte, 15 minutuan behin egingo dute elkarrizketa bat. Iazko azokaren ondoren, 50 lan-kontratu egin ziren; orain dela bi urtekoaren ondoren, 45.

Fagor, Eroski, Aita Menni, Matz Erreka, CAF, Irizar, IK4 Tekniker… Enpresa asko eta izendunak izango dira aurtengo Lanbai V. Enplegu eta Formazio azokan. "Gehiagok ere nahi zuten etorri, baina ja ezezkoak eman behar izan ditugu", azpimarratu du Susana Azpilikuetak, Mondragon Unibertsitateko Komunikazio koordinatzaileak.

Aurkezpen txartel horrekin datorren Lanbai Enplegu eta Formazio Azokarako izen-ematea zabalik dago ekainaren 2az geroztik. Eta bizkor ibiltzea komeni da. "Ekainaren 20a aurretik eman behar da izena. Zenbat eta geroago, orduan eta enpresa gehiago egongo dira beteta", jakinarazi du Azpilikuetak.

Formazioa, enplegua eta beste

Azokak lau gune izango ditu: formazio gunea, enpresa gunea, lan-poltsa gunea eta elkarrizketa gunea. "Formazio eremuan egongo da MUko standa, unibertsitateko eskaintzarekin. Enpresen eremuan, curriculumak jasotzen egongo dira 52 enpresa, eskola, komunikabide… Eremu irekia da; nahi duten guztiek dute aukera bertan curriculumak lagatzeko. Lan-poltsen eremuan, berriz, egongo dira Arrasateko Udala, Debagoieneko Mankomunitatea, Gipuzkoako Ganbera, MUko Enplegurako Orientazio Zerbitzua eta ikasle ohien elkartea, Eures eta Lanbide. Eta azkenik, elkarrizketen eremuan egongo dira enpresak elkarrizketak egiten, bertan azaltzen diren lan eskaintzetarako. Elkarrizketetarako hitzordua eskatu behar da eta hitzordua ematen da eskaria egin duenak curriculumean jasota badu enpresak eskatu duen profila. Espazio intimoagoak dira, non ordu laurden izango duten curriculuma uzteaz gain, elkarrizketa egiteko", esplikatu du Azpilikuetak.

Orotariko lanpostuak

Eskainiko dituzten lanpostu horiek izango dira "unibertsitate mailako tituludunendako, heziketa zikloak dituztenendako, goi-erdi mailakoak… adibidez, Grupo Uvescok (BM supermerkatuak) behar ditu kutxazain eta apal-betetzaileetatik hasi eta kudeaketa arloan diharduten pertsonetaraino. (…) Gureak-ek eta Lantegi Batuek lanpostuak dituzte, baita ezgaitasuna duten pertsonendako ere. Hori ere kontuan hartzekoa da", azpimarratu du MUko Komunikazio koordinatzaileak. Izena emateko: lanbai2017.mondragon.edu. "Aukera apartekoa da ikasleendako, ikasketak bukatu dituztenendako edo lanean egon eta enpresaz aldatu nahi duten horiendako".

Tailer osagarriak

Azokaren aurreko hiru egunetan –ekainaren 19an, 20an eta 21ean–, Mondragon Unibertsitateko Enplegurako Orientazio Zerbitzuak hiru tailer egiteko aukera eskainiko du, Arrasaten, Kulturaten. Lehena da Marka pertsonala: nola etekina atera lan elkarrizketa batean zure konpetentziak eta enpresak behar dituenak azalduz; bigarrena, Curriculuma eta lan elkarrizketa; eta hirugarrena, Hautaketa prozesuak. 15-25 lagunendako lekua izango da; beraz, izena ahalik eta lasterren ematea komeni da.  

Tailer horiek egin ditzakete azokara doazenek eta baita ez doazenek ere. Era berean, tailerrok osagarriak dira elkarren artean, baina banaka ere egin daitezke. Oro har, lan bila ibiliz gero, "oso kontuan hartu beharreko" edukia landuko dute bertan.

Lanbai Mondragon Unibertsitateak eta Arrasateko Udalak antolatutako azoka da, Eusko Jaurlaritzaren, Lanbideren eta Mondragon Korporazioaren babesarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak