Lau egun ospitalean egin eta gero, etxean dago Eneko Lizarralde

Xabier Urtzelai 2017ko eka. 12a, 14:45

Gorla jaisten ari zela istripua izan zuen Basque Country Murias Team taldeko Eneko Lizarraldek egubakoitzean, eta lau egun ospitalean egin eta gero etxerako bidea hartu du gaur goizean. Bergarakoak ingurukoek emandako berotasun eta babesa eskertu gura izan du sare sozialetan. "Bizirik nago, eta ez da gutxi", adierazi dio GOIENAri.

"Lau egun luze eta gero etxera. 2017a definitiboki ezta nere urtia, baina 23 urte hauetan inguratutako jendiaz harro nago, urria balixo dozue! Eskerrikasko danoi zuen babesarengatik! Aurten dana gaizki badoia be, etorriko da bueltia", adierazi du Eneko Lizarraldek sare sozialetan. Eta ez zaio arrazorik falta, bizikleta gainean, erorikoen erruz, urte txarra daramalako.

Egubakoitzean kolpe ederra hartu zuen Gorla jaisten ari zela. Eguneko entrenamendu saioa eginda zeukanean kamioi batekin talka ez egitearren errepidetik irten eta malda behera erori zen Lizarralde. Hain zuzen, suhiltzaileen laguntzarekin atera behar izan zuten Bergarakoa eroritako lekutik, eta Gasteizko Santiago ospitalera eraman zuten. Lau egun egin ditu bertan: lepauztaia hautsita, kolpe handia buruan eta pneumotorax-a.

Mallorcako Challengean, denboraldi hasieran, erorikoa izan eta sei aste egin zituen bajan, haustura bikoitza izan eta gero –laugarren metakarpoko erradioan eta oinaldean–. Hain zuzen, Bergarakoa orain zebilen txispa errekuperatzen eta ondo sentitzen, denboraldiko bigarren zatian indartsu egoteko esperantza zeukan-eta. Eta, egubekoitzeko erorikoak ostera ere bertan behera utzi ditu orain arte egindako lanak. Errekuperatze lana geratzen zaio aurretik, ondo ezagutzen duen bidea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak