Arrasateko hamalau eragilek girotuko dute Euskaraz Bizi eguna

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko mar. 4a, 14:28
Egunean parte hartuko duten eragileek talde argazkia atera dute Kulturaten

Martxoaren 18an egingo da Euskaraz Bizi eguna Euskal Herrian Euskaraz taldeak antolatuta. Arrasteko erdigunean egin ordez, herri osora zabaldu gura dute ospakizuna eta herriko hamalau eragileren laguntza izango dute horretarako. Herri bazkarirako txartelak gaur jarri dituzte salgai.

Martxoaren 18an izango da Euskaraz Bizi eguna Arrasaten eta ordurako egitaraua prest du Euskal Herrian Euskaraz taldeak. "Herriko gune ezberdinetan eta adin tarte ezberdinetako herritarrendako saiatu gara ekintzak antolatzen. Herriko hamalau eragilek bat egin dute festa honekin eta euren laguntza izango dugu egun hori girotzeko eta festa herri guztian egiteko", adierazi du Aitor Juaristik.

Parte hartuko duten eragileak dira: Dirty Brothers, Hans Blues Band, Jasan eta Txua musika taldeak; Portaloira eta Txorbela abesbatzak; Lore Gazteak eta Arrostaitz dantza taldeak; Txalaparta eta alboka taldeak; txistulariak; Txatxilipurdi; AGAKO; buruhandi eta erraldoien konpartsak; Eskuartean artisau taldeak eta trikitilariak.

Herri bazkaria ere egingo da egun horretan. Azoka plazan izango da eta txartelak gaur bertan jarri dituzte salgai Jai Zale tabernan 15 eurotan.

Etorkizuna

Antolatutako ekitaldiez gain, 12:30ean ekitaldi nazional bat ere egingo da Arrasaten. "Euskal Herrian Euskaraz taldeak hausnarketa prozesua egin du azken urte honetan eta denbora horretan egindako lanaren emaitza, txostena, aurkeztuko dute Arrasaten. EHEren hurrengo erronken berri eman da", aurreratu du Juaristik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak