Silvia Trigueros: "Minik ez sentitzea izan da BUTSeko onena"

Silvia Trigueros, domekan, helmugan. Argazkia: Basque Ultra Trail Series / Arkaitz Saiz

BUTS (Basque Ultra Trails Series) lasterketako lehenengo edizioa egin dute asteburuan –lau etapatako lehena izan da– eta Eskoriatzan, Ederlanen, lan egiten duen Silvia Trigueros (1976) izan da onena. Ultra lasterketetan erreferente bilakatzen dabil bizkaitarra. 

Zer moduz errekuperatu zara asteburuko ahaleginetik? 

Oso ondo, ez dut giharretako minik [Barre].

110 kilometro Bilbo eta Gasteiz artean. Zer moduz?

Oso ondo. Lasterketa irabaztea baino [17 ordu eta 18 minutu] lesiotik ondo errekuperatzen nabilela ikustea izan da onena. Proba aurretik ez nekien zelan sentituko nintzen, gerri aldeko minekin ibili naizelako, eta argi nuen mina sentitzen hasiz gero bertan behera utziko nuela proba. Zorionez, ez dut arazorik izan.

Lesioak, kirolarien buruhaustea.

Bai, eta txarrena da erantzun garbirik ez daukazunean. Gerri aldeko minekin ibili naiz, piramidala-edo... Eta txarto egon naiz, lanera joan ezinka, bost egunez ohetik altxatu ezinka... Baina poliki-poliki banoa aurrera.  

Zenbatetan entzun behar izan duzu ultra lasterketak ez direla, seguruenik, erremediorik onena?

[Barre] Askotan, askotan. Baina beti diot berdina. Akaso gorputzarendako ez da izango onena, baina buruari zelako mesedea egiten dion...

Zer dela-eta hasi zinen ultra lasterketetan?

Betidanik gustatu izan zait mendia, eta dezente ibili izan naiz, baina ez korrika. Eta, duela bost urte inguru koinatuak animatuta joan nintzen lehenengo mendi lasterketara. Distantzia motzekoak izan ziren lehenengoak, eta ondoren Hiru Aundiak egin nuen. Hor ikusi nuen distantzia luzeetan moldatzen naizela ondoen.

Silvia Trigueros, zapatu gauean, Bilbotik Gasteizera bidean. Argazkia: Arkaitz Saiz.

Zer dute, bada, distantzia luzeek?

Erritmo lasaiagoan joaten garela, eta hor erosoago sentitzen naiz. Eta horrenbeste orduz mendian ibilita gehien gustatzen zaidanaz goza dezakedala.

Zer da garrantzitsuagoa, burua ala gorputza?

Biak. Ezinbestekoa da ondo entrenatuta egotea, baina halako proba luzeetan beherakada edo txakalaldi handiak egoten dira, eta burugogorra izan behar duzu derrigor.

Ezarrita izango dituzu 2017ko helburuak, ala?

Bai, helburu nagusia Tor des Geants lasterketa egitea da [330km, 24.000 metroko desnibela]. Irailean izango da lasterketa hori, eta ondo prestatzen ahaleginduko naiz. 

Horrenbestez, ez duzu BUTS-eko lau etapak amaitzeko asmorik, ala?

Momentuz bigarren etapako irteera puntuan izango naiz, maiatza hasieran Gasteiz eta Iruñea lotuko dituen etapa [110km]. Hirugarren etapa abuztuan izango da [Iruñea-Donostia] eta ordurako oporretan egongo naizenez seguruenik kanpoan ibiliko gara. Ikusteko dago. Eta laugarrena [Donostia-Bilbo] urrian izango da, Tor des Geants egin eta gero. Baina batek daki zelan joango den urtea, lesioek errespetatuko nauten... Pausoz pauso joan gura dut.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.