Asteburuko futbol partiduen aurrerapena

Xabier Urtzelai 2017ko urt. 27a, 06:00
Azken hilabeteotan Aloñak sendotasun handiagoa erakutsi du etxean. i.soriano

Azken bi partiduak etxetik kanpora jokatu eta gero Aloña Mendik Anaitasuna hartuko du domekan: "Etxean indartsuak izan behar dugu, baita liderraren aurrean ere", dio Unai Gil jokalariak. Ordizian jokatuko du Mondrak, eta Elgoibarren UDAk.

Liga hasierako Aloña Mendirekin alderatuta, lehenengo itzuliak aurrera egin ahala Urzelairen mutilek hobera egin dute, eta txukun amaitu dute lehenengo fasea. Bigarren itzulia lehenengoa moduan hasi dute, Real Unionen kontra galduta –gol bakar batengatik orain ere– baina egoera horri lehenbailehen eman gura diote buelta. Posible bada, liderraren kontura (domeka, 16:30): "Taldea indartsu ikusten dut. Kosta egin zitzaigun hastea, entrenatzaile berriaren jokatzeko modua barneratzea, baina lehenengo itzulia nahiko ondo amaitu genuen, eta taldean oso garbi daukagu puntuak Azkoagainen lortu behar ditugula". Bada, etxeko azken partiduetako datuek esperantza ematen dute, azken bederatzi puntutatik zazpi poltsikoratu egin dituzte-eta.  

Anaitasunak, berriz, joan den asteburuan galdu zuen lidergoa, Ordiziaren kontra etxean galduta (0-2), baina aste barruan Beti Gazteri atzeratutako partidua irabazita lortu du, ostera ere, gorenera iristea.

Mondra eta UDA kanpoan 

Joan den astean Ordizia liderra geratzeko kapaz izan zen, eta talde horren kontra neurtuko ditu indarrak hirugarren dagoen Mondrak (zapatua, 16:30. Altamira). Aretxabaletak, berriz, Elgoibarren jokatuko du ordu berean. Joan den astean Elgoibarko taldeak ez zuen askorik egin Mojategin, baina puntu bat eramateko gauza izan ziren. 

Bergara geroago eta liderrago 

Erregional preferentean, berriz, Bergara lehenengo postuan dago, bederatzi puntuko aldearekin, gainera. Mailaz igotzeko bidean, asteburuan kontrario gogor bat izango dute Agorrosinen (Zapatua, 16:30), Eibar Urko laugarren dago-eta sailkapenean, eta azken bederatzi partidutan ez dute norgehiagokarik galdu. Zenbakiei begiratuz gero, baina, Bergarak ez du kontrariorik, etxean oraindik ez dutelako partidurik galdu –eta zortzi jokatu dituzte–.

Antzuolak ere liderra hartuko du 

Lehen erregionaleko igoera fasea jokatzen dabil Antzuola, eta joan den astean 2-4 irabazi eta gero –Aranaren hat-trickarekin– bihar Vasconia hartuko dute (16:00).

Arizmendi Anaitasuna hartuko du

Emakumezkoen erregionalean lider dagoen Arizmendik –dagoeneko igoera faserako sailkatuta daude, partidu bakarra ere galdu barik– hirugarren postuan dagoen Anaitasuna hartuko du zapatuan (11:00, Ibarra). Duela bi aste Bergararen kontrako derbian 1-1 egin eta gero, joan den astean ondo menperatu zuten Eibar (1-3). Bergarako eta Mondrako neskek, berriz, kanpoan izango dute hitzordua. Bergararrek azkenaurreko postuan jarraitzen dute, baina joan den astean poztasun ederra hartu zuten Mutrikuren aurrean denboraldiko bigarren garaipena eskuratuta (2-1); bihar Orion jokatuko dute (18:00). Mondrak, berriz, Ilintxaren zelaian jokatuko du zapatuan (16:00); zuri moreek 6-3 galdu zuten joan den astean, eta arantza atera gura dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak