Lagunarteko giroa nagusi Antxintxikak antolatutako 100x100 igeriketa proban

Maite Txintxurreta 2017ko urt. 14a, 21:09

Aretxabaletako Ibarra kiroldegiko igerilekuan elkartu dira gaur arratsaldean Gipuzkoako lau triatloi taldetako berrogeita hamar lagun inguru, denboraldiz kanpo ere gustukoen dutena egiten jarraitzeko eta elkar ikusteko aitzakiaz.

Debagoieneko Antxintxika, Oñatiko Triatloi Taldea, GetariTri eta Zarauzko NikTri taldeetako triatletak Aretxabaletan elkartu dira beste urte batez, bigarren urtez jarraian Antxintxikakoek antolatu duten lagunarteko 100x100 igeriketa proban parte hartzeko.

100x100 igeriketa probetan talde bakoitzak 100 metro 100 aldiz egin behar ditu igerian, errelebo-lasterketan. Hala, bi ordu pasa ibili dira txandaka igerilekuaren alde batetik bestera, leher eginda bukatu arte.

"Errepikatzeko modukoa"

Antolaketa taldeko Mikel Labakak ekimenaren balorazio positiboa egin du, eta adierazi du gaur arratsaldekoa "oso polita" izan dela. Azaldu du, neguan triatloi probarik izaten ez denez, aukera ona dela norberaren zaletasun berdina daukaten lagunekin giro lasaian elkartzeko, lehia bigarren maila batean utzita. Bada, gaurkoan ere giro on hori ez da falta izan, eta urtez urte sustatzen doazen ekimena "berriro ere errepikatzeko modukoa" dela dio. Izan ere, izandako partaidetza handia nabarmendu du, eta horren harira sortu den giro ederra.

Era berean, antolatzaileen izenean eskerrak eman nahi izan die Aretxabaletako Udalari zein Ibarra Kiroldegiko arduradunei, "proba antolatzeko emandako erraztasunengatik". Izan ere, boluntarioen lanarekin ateratzen dituzte aurrera halako ekimenak, eta halakoetan laguntza beti ongi etorria izaten dela esan du.

Azkarrenak, Getariarrak

Gaurkoan lehia gutxienekoa izan den arren, egindako denborei begiratuta GetariTri taldekoak izan dira onenak, bi ordu eta zazpi minutuan amaitu baitute proba, bigarren izan den Antxintxikari hiru minutu eta erdiko aldea aterata, . Txantxikuak izan dira hirugarrenak, eta laugarrenak, berriz, NikTri taldekoak, bi ordu eta hogei minutu behar izan dutenak.

Labakak nabarmendu du azken talde horretatik parte hartzera etorri direnen %80a emakumezkoak izan direla, eta horri txalotzekoa deritzo, triatloi talde gehienetan gizonezkoak gehiago izan ohi direlako.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak