Xabier Ulazia: "Espaloia kafe antzokian kultura ekintzak antolatzea da gure asmorik nagusiena"

Barikurako, abenduak 23, iragarri du irekiera jaialdia Espaloia kafe antzokiko kudeatzaile berriak. Bertan izango dira Amets Arzallus eta Sustrai Colina (19:30), Jon Gurrutxaga (20:15) eta The Vartools (22:30).

Zein asmorekin zatoz Elgetako kafe antzokira?
Ostalaritza zerbitzua emango dugu —taberna eta jatetxea—, baina kultura ekintzak antolatzea da gure asmorik nagusiena. Egunero zabalduko dugu eta ordutegi zabalarekin. Berriak gara hemen eta joango gara ikusten zelan funtzionatzen duten herrian. Dagoen beharraren arabera jokatuko dugu. 
 
Baduzu esperientzia antzerako egitasmoetan?
Bai, kultura ekitaldiak antolatutakoak gara aurreko lantokietan. Bospasei urte egin ditut langile moduan hainbat ostalaritza negoziotan. Gero, nire ardurapean egon da Saturrarango txiringitoa. Askotariko kontzertuak antolatu izan nituen: El Drogas, Napoka Iria… Azken urteak Lekeitioko plazan dagoen K13 kioskioan eman ditut. Han ere hainbat kontzertu egin ditugu eta esperientzia nahiko zababalarekin gatoz. Gustura eta gogoz gatoz proiektu honi ekiteko.
 
Gustuko duzu, orduan, kultura ekintzak antolatzea?
Musikak beti erakarri izan nau asko eta badira urte batzuk kontzertuak, bertso saioak eta askotariko ekitaldiak antolatzen ditudala. Beti izan dut buruan antzoki erako zerbitzu bat eskaintzea. Aukera ikusi dut hemen eta heldu egin diot. Proiektu polita izan daitekeela ikusten dut.
 
Egoera onean aurkitu duzu aretoa?
Egoera nahiko onean, bai. Narras ikusi dugu kanpoko horma eta egokitzapen batzuk egin beharko ditugu, baina lau detaile dira. Ikusten da bere garaian inbertsio handia egin zela ekipo eta material aldetik, eta urte batzuk pasa direla antzematen bada ere oso egoki dago dena.
 
Zer da Udalarekin hitzartu duzuna?
Urtebeterako sinatu dut Udalarekin. Proba moduko epea da. Gero aukera daukat urtez urte kontratua luzatzeko, lau urte bete arte. Prozedura berezia izan da. Egia esan atentzioa deitu dit ze jende gutxi aurkeztu den. Arraroa egin zait.
 
Irekiera jai berezia antolatu duzu barikurako.
Saiatu naiz, bai. Uste dut kartel txukuna egin dugula lehen mailako bi bertsolarirekin, oso kantari ona den  Jon Gurrutxagarekin eta gorantz doan The Vartools taldearekin.
 
Ezagutzen zenituen Elgeta eta Espaloia aurretik?
Txikitan futbolean ibiltzera etortzen ginen aitarekin. Oroitzapen oso politak ditut. Espaloira ere behin baino gehiagotan etorri izan naiz. Gidabaimena atera berritan etorri ginen Su Ta Gar ikustera. Bakarrizketak entzuten ere izan naiz.
 
Mezu bat bezero izango dituzunei?
Besoak zabalik hartuko ditugula, eta gogoz eta ilusioz etorri garela. Maitasun osoz hartuko ditugula bai elgetarrak bai elgetarrak ez direnak.
 
Irekiera ekitaldiaren ondotik baduzu pentsatuta bestelako ekintzarik?
Gabonetara begira badaukagu beste zerbait esku artean baina guztiz lotuta egon arte ez dugu ezer aurreratu nahi. Joango gara esaten poliki poliki.

Erlazionatuak

Espaloia kafe antzokiak badu kudeatzaile berria

Elgeta

Xabier Ulazia eibartarrak eta Elgetako alkate Iraitz Lazkanok gaur goizean sinatu dituzte Espaloia kafe antzokia kudeatzeko baldintza-orriak. Ulazi...
Abenduaren 23rako iragarri du Espaloia kafe antzokiaren irekiera Xabier Ulazia eibartarrak

Elgeta

32 urteko gaztea esperientziaduna da ostalaritzan. Saturrarango txiringitoa kudeatu izan du, eta gaur egun Lekeitioko plazan dagoen K13 kioskoko ar...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.