Aitor Fernandez: "Taldean titular zarela uste izatea akatsa da"

Xabier Urtzelai 2016ko aza. 24a, 06:00
Aitor Fernandez, uztailean, aurkezpen ekitaldian. Argazkia: desdesoria.es

Ia lau urte pasa dira Athleticeko harrobiko jokalari arrasatearrak Vila-realera joateko maletak egin zituenetik. Erreferente bilakatu zen bigarren taldean, kapitain izendatu zuten, eta jokatu zitekeen guztia jokatu zuen –102 partidu guztira–. Baina, ezin izan zuen lehenengo taldearekin Lehen Mailan debutik egin. Horregatik baino, arantza kategoriaz igotzeko pausotxo batera geratu izanagatik dauka. Ikasketa prozesuan beste aurrerapauso bat ematera joan da Numantziara.  

Valladolid taldeari irabazita [2-1], taldeak arnasa hartu du asteburuan. 

Bai, halako garaipen bat behar genuen, dagoeneko zazpi partidu generamatzalako partidurik irabazi barik.

Suspenseko pelikuletan moduan, 90. minutuan egindako golari esker [Manu del Moralek].

[Barre] Ez pentsa partiduan sufritu ez genuenik...

 Halako garaipenak, gainera, aulkitik beharrean zelai barrutik beste modu batera bizitzen dira. Eta loreak jasota, gainera. 

Bai, zalantza barik. Asteburu honetan jokatzeko zortea izan dut, eta irabaztea lortu dugu. Hori ere garrantzitsua izaten da, bai. 

Jagoba Arrasateren postua kolokan zegoen partidu aurretik. 

Guk ere entzun genuen zerbait. Egia da jokalariok eguneroko lanean murgilduta egoten garela, baina guri ere iristen zaizkigu halakoak. Ondo ikusten dut Jagoba, taldean zentratuta, eta gainera, taldeak sinisten du entrenatzaileak duen lan egiteko moduarekin. 

Vila-realen hiru denboraldi egin ostean Soriara joateko erabakia hartu zenuen udan. Zeri eman zenion garrantzia?  

Iazko urtea ona izan zen niretako, esango nuke orain arte egin dudan denboraldirik borobilena izan zela, baina mailaz igo ez izanaren arantza badut oraindik. Ondoren, hotzean, jabetzen zara sekulako denboraldia egin genuela eta irakurketa positiboa izan behar dela, baina etapa hura amaitutzat eman nuen. Hainbat aukera izan nituen udan, baina Jagoba Arrasateren deia jaso eta Numantziara etortzeko konbentzitu ninduen. 

Munir eta biok ari zarete postuagatik borrokan. Lehenengo eta bigarren atezain moduan zaudete, rol hori garbi duzue?   

Ez dakit zelan geratuko den esatera noan hau, baina iaz Vila-real taldearekin 42 norgehiagoka jokatu nituen play-off-a kontutan hartuta, eta inongo momentuan ez nuen barneratu atezain titularra nintzenik. Horrela pentsatzen hasten zaren momentuan ikasteari uzten diozu, erlaxatu egiten zarelako. Numantziara ikastera etorri naiz, egia da Vila-realen askotan entrenatzen nuela Lehenengo Mailako jokalariekin, baina konpetizioa erabat ezberdina da, eta hemen guztiok gura dugu jokatu. Hala, Jagoba Arrasateri nor aukeratu erabakitzeko zailtasunak jartzen ahalegintzen naiz. 

Urte batzuk Valentzia aldean egin ostean Soria etxetik gertu egoteak zeresana izan zuen erabakia hartzerako orduan?  

Ez, futbol jokalari baten kirol bizitza laburra da, eta kirol proiektuari eman diot lehentasuna, ez etxetik gertu egoteari. Jagobak konbentzitu ninduen esanaz giro jatorreko taldea zela, eta hazten jarraitzeko leku aproposa zela. 

Murtziaren kontra duzue asteburuan, atzean daude eurak ere.   

Irabazi beharreko partidua da. Mailaz igo berri dira, eta ez dabiltza oso ondo; irabaztera joango gara. Dena dela, etxetik kanpora puntu bat ere ez da emaitza txarra. 

Gabonak gainean ditugu, etxera etortzeko aukerarik bai?  

Bai, aurten Gabonetan opor mordoa ditugu, eta Santamasak Arrasaten pasa ahal izango ditut, etxekoekin eta lagunekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak