Ruper Ordorikari elkarrizketa zabala 'Puntua'n

Goiena 2016ko aza. 24a, 15:25
Fermin Etxegoien eta Ruper Ordorika, Bilboko Arrikibar plazan.

Guria ostatuan izena darama oñatiarrak New Yorken grabatu duen azken diskoak. Horren harira, Fermin Etxegoienek Puntua-rako elkarrizketatu du Ruper Ordorika.

Elkarrizketaren aurrerapen bat:

(Fermin Etxegoien) Distantzia laburrean ari zara?

(Ruper Ordorika) "Nik ez dezaket ezer egin arriskurik sentitu gabe, musikalki, nahiz badakidan ari naizela neure ñabardurengatik borrokan, gauza txikitxoengatik, eta batzuetan horiek oharkabe pasatzen dira, baina denborarekin ikusten dituzu aldaketak eta disko honetan sentitu dut halako zorabio bat behin baino gehiagotan, zorionez. Ari naiz orbela kentzen, ari naiz nolabait bidea garbitzen. Berriro grabatu dut zintan eta denok batera, horrek dakarren muga handiarekin. Kontrabaxuarekin gainera, pianoa bertan ere bai. Orduan dena dago lotua, baina horretarako behar da momentu oso ona harrapatu eta musikari handiak. Hori dena joango litzateke esaten duzun norabide horretan. Niretzako 'giroa' deituko nukeena oso inportantea da. Bluesean mood deitzen da. Ze aldartea daukan kantuak... Eta horretan saiatzen naiz, baita zuzenekoetan ere. Esparru horretan sartzean aldatu behar duzu zure aldartea, hori da kontua.

Seguruenik hau ezin duzu egin Noruegako Errege (Ni ez naiz Noruegako errege, 1983) edo orduko beste ezein diskorik egin gabe. Badakit hari bat badela. Nire sentimendua da aurrera goazela, aurrera noala. Ezer gutxietsi gabe, e? Batzuetan entzuten ditut orduko piezak, adibidez Nor Da Dabilen Harria-ko bertsioan (Dabilen Harria, 1998), lehengoan egin zidaten entrebista baten harira, eta zer polita, pentsatu nuen nire buruarentzako, ez baitut kantua entzun, igual, duela hamabost urte. Baina, konparatu gabe, orain bai bilatzen dut lehen esan dizudan momentu hori eta topatu egiten dut, inon diren ahalegin guztiak eginda eta askoren laguntzarekin"...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak