Zubietako erraustegiko artsenikoak osasunean izango lukeen eragina "jasanezina" izango litzatekeela diote

Eneko Azkarate 2016ko aza. 21a, 18:17

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko medikuak "oso kezkatua" agertu dira Zubietako errauste plantak "isuriko lukeen toxikoengatik". Maialen Berridi eta Jose Cruz Ruiz Villandiego medikuek, ikerketa toxikologikoen emaitzak azaldu dituzte hedabideen aurrean.

Besteak beste eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari gaiaren gaineko nazioarteko jardunaldiak antolatzera.

Zabalgarbi Bizkaiko errauste plantaren datuak Zubietara ekarrita, artsenikoak osasunean izango lukeen eragina "jasanezina" izango litzatekeela diote medikuek txosten horretan; izan ere, "hemen ikastetxe asko daude inguruan".

Bi medikuek gaur hedabideen aurrean adierazi dutenez, Tecnaliak 2015ean egin duen neurketaren arabera, artsenikoa hirukoiztu egin da Zabalgarbi inguruan. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, hamar osagai kimiko toxikorik arriskutsuenen artean dago, eta minbizia eragiten du. Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko medikuek zera, honen aurrean: "haurrak toxiko hauekiko oso zaurgarriak direnez, gu, mediku garen heinean, oso-oso kezkatuak gaude".

Isurketak

Bestalde, Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako gehienezko dosi onargarria kontuan hartuta, airean onartzen den kopurua metro kubiko bakoitzeko 0,2 mikrogramo dela esan dute medikuek. Ingurumenaren txostenean onartzen dutenaren arabera, erraustegiak 50 mikro gramo isuriko ditu, hau da, "250 aldiz gehiago".

Era berean, aipatu dute Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen duela gehienez ere 2 mikrogramo kiloko hartzea. Zubietako erraustegiko tximinietatik egun batean isuriko dena 3.780.000 haurrek jaso ahalko luketenena dela gogora ekarri dute. "Kopuru hauek dira Diputazioak tximiniatik gehienez isurtzea aurreikusten duena" esan dute.

Berridik eta Ruizek saltatu dute Gipuzkoako Diputaziotik "oso arinki" pasatu nahi izan den gai bat. "Batzuetan, Gipuzkoako erraustegiak su artifizialek bezala edo trafikoak bezala kutsatuko duela adieraztera iritsi dira" esan dute. Hori "demagogia hutsa" dela adierazi dute medikuek. "Ekar ditzagun berriro Zabalgarbiren datuak Gipuzkoara: datu ofizialen arabera, 2014ean Zabalgarbik 235.000 Tona CO2 isuri zituen. Auto batek, bere aldetik, 148 gramo isurtzen ditu kilometroko. Aseguru etxeen arabera, auto batek 10.000 km egiten baditu, emaitza da erraustegi batek 165.000 autok bezain beste kutsatzen du" esan dute. Eta aipatu dute oraingo trafiko kopuruari gehitu beharko litzaiokeela.

Medikuak oso kezkatuak agertu dira dioxinen neurketak egiteko proposatzen den ereduarekin. Biodonostiako Aurrekoetxea eta Ibarlucea ikerlariek adierazi dute kontrol zehatzak egingo dituztela. "Hori ez da egia" erantzun dute medikuek gaurko agerraldian. "Hori ez dute egiten ezta Zabalgarbin ere. Bakarrik hiru hilabetean behin 8 orduz egingo dituzte, indarrean dagoen legeak dioen moduan. Hau da, Zubietako erraustegia martxan egongo den denboraren %0,3a neurtuko dute. Gainerako denboraren %99,7 ez dugu jakingo ze botatzen ari den" esan dute.

Nazioarteko kongresua

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko medikuek salatu dute, "ez Markel Olano Diputatu Nagusiak, ez bere gobernuko inork, ez Diputazioko beste ordezkari edo teknikarik" ez dietela oraindik bilerarik eman. Eta horren aurrean, proposamen bat luzatu dute: "gurekin zuzenean ez baldin badute bildu nahi, gu prest gaude nazioarteko adituak Gipuzkoara ekartzeko". Adostasun zientifiko batetara iriste aldera, gonbidatu dute Diputazioa erraustegiaren eta osasunaren inguruko nazioarteko jardunaldi batzuk egitera. "Elkarrekin, informazio guztia mahai gainean jarriko dugu eta behar diren kontraste guztiak egingo ditugu" esanez amaitu dute.

Datu zientifiko "oso kezkagarriak"

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko medikuek adierazi dutenez, hamarkada bat baino gehiago daroatzate erraustegiak aztertzen eta datu zientifiko "oso kezkagarri" batzuk jarri nahi izan dituzte mahaiaren gainean:

  • "Heriotza tasa orokorra %13 haz daiteke errauskailu batetik gertu bizi diren guneetan".
  • "Errauste planta batetik hamar kilometroko erradioan bizi direnen artean, minbizia kasuek %3,5 egin dezakete gora".
  • "Gibeleko minbizi kasuak %29 haz daitezke eta biriketakoak %14".
  • Oro har, "abortuak, malformazioak eta arnasketako eta bihotzeko gaixotasunak haz daitezke".

Erraustegiak eta gaixotasunen arteko erlazioa

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak, gehien bat, ikerketa epidemiologikoak ikertu ditu. Hauek erraustegiek pertsonen osasunean sortzen duten kaltea neurtzen dute. gaurko agerraldian aipatu dutenez, azken hilabeteetan ikerketa epidemiologiko berriak atera dira eta "bide berdinetik doaz, erraustegiak eta gaixotasunen arteko erlazioa mantentzen da".

Minichillik aurten publikatu duen ikerketa bat aipatu dute. Toskanan 2001-2010 bitartean egindako ikerketa bat da, AISA erraustegiari egiten dio jarraipena eta bihotzeko gaixotasunen %18ko gorakadarekin eta giltzurrunetako gaixotasunen %21eko igoerarekin lotu da.

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak ikerketa toxikologikoak ere aztertu ditu azkenaldian. Gaurko prentsaurrekoan egindako ikerketen emaitzak eman dituzte. Hala ere, argi utzi dute epidemiologikoak "askoz indartsuagoak" direla.

"Azterketa epidemiologikoetan erraustegien inguruan bizi diren pertsonen osasuna neurtzen da. Toxikologikoetan, berriz, erraustegien inguruan agertzen diren toxiko batzuk neurtzen dira. Baina ze balio izan dezake ikerketa toxikologiko batek, ez dakigunean ze sustantzia dauden, adibidez, minbiziaren atzean? Ze balio dute, ez badakigu zehatz mehatz une oro ze ari den erretzen erraustegiaren labean? Ez badakigu zein sustantzia berri sortzen ari diren? Dioxina mota asko daude, eta Gipuzkoako erraustegiko proiektuan oso gutxi neurtuko dira. Gainera, beste herrialdeetan ez bezala, ez da isurien neurketa jarraian egingo, ezta materia partikulatua neurtu ere. Adibidez, PM10 eta PM2,5 ohikoak dira erraustegietan, eta jakina da gaixotasun askoren atzean daudela" esanez amaitu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak