Langileen partaidetza sustatzeko bideak ikertuko ditu MUk 'Etorkizuna Eraikiz' programaren baitan

Amaia Txintxurreta Guridi 2016ko urr. 17a, 14:02

Markel Olano diputatu nagusia Mondragon Goi Eskola Politeknikoan izan da eguerdian Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programa azaltzen. Bertan MUko ikerlariek parte hartuko dute langileen partaidetza sustatzeko bideak ikertzen eta Olanok azpimarratu du proiektu eta esperientzia pilotuak eremu esanguratsuenetan martxan jarriko dituen ekimena izango dela.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu du Mondragon Unibertsitatearekin Etorkizuna Eraikiz programaren baitan, langileen partaidetza nola sustatu ikertzeko. Eta laburbilduz, halaxe azaldu du Markel Olano diputatu nagusiak zer den Etorkizuna Eraikiz: "Oro har esan dezakegu Etorkizuna Eraikiz-ekin nahi dugula hurrengo hamar urtetarako Gipuzkoak zer egin behar duen zehaztu eta hori egin gizarte eragile guztiekin, beraz, modu konpartituan, eta gainera, ikuspegi praktiko batekin".

Gaineratu du proiektu eta esperientzia pilotuak eremu esanguratsuenetan martxan jarriko dituen ekimena dela, lurraldearen eta lurraldeko pertsona eta erakundeen garapen sozial eta ekonomikoa bilatzen dituena. Etorkizuneko erronkei erantzuna eman asmoz, hausnarketa eta oinarri zientifikoko ezagutza prozesuetatik abiatzen den saiakera-hutsegite esperientzia praktikoa, alegia.

Langileen partaidetzaren esparrua

Olanok adierazi du MUk ikertuko duen esparrua langileen partaidetzarena dela: "Kasu honetan, MUrekin egingo duguna da langileen parte-hartzearen inguruko proiektua gauzatu. Uste dugulako gure ekonomiarendako eta gure gizartearendako ezinbestekoa dela langileek parte hartzea enpresetan, baina ez bakarrik kudeaketa ikuspegitik, baita kapitalean bertan ere. Orduan, Mondragonek bistan da daukan kooperatiben ezagutza guztiarekin, uste dugu paper oso ona egin dezakeela pixka bat daukaten ezagutza hori helarazteko gainontzeko enpresa eta gizarte osora".

Horren harira, MUko errektore Bixente Atxak azaldu du ikerlariek egingo dutela horretan lan: "Ikerlariek egingo dute lana eta lana izango da aztertzea Gipuzkoako enpresa desberdinetan langileen parte-hartzea eta zein eragin duen langileen parte-hartze horrek enpresen lehiakortasunean, enpresen negozioaren sostengarritasunean... eta hori izango da gure lana. Bertan parte hartuko dute Goi Eskola Politeknikoko, Enpresagintzako eta HUHEZIko ikertzaileek".

Bi zutabe nagusi

Diputatu nagusiak ekimen “berritzaile” eta “anbiziozkoa” dela nabarmendu du. Bi zutabe nagusiren barruan antolatzen da: alde batetik, Gipuzkoa Lab-ek martxan jarriko ditu esperientzia pilotuak, eta bestetik, Gipuzkoa Taldean-ek elkarlan publiko-pribatuan erlazio diplomatiko hutsetatik haratago jotzea du helburu, erronka errealak identifikatu eta datozen hamar urtetarako behar den plan estrategikoa osatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak