Tokikom jardunaldiak

Tokikom Sariak azaroaren 14an Garaian, euskarazko toki komunikabideen lana aitortzea helburu

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko urr. 4a, 11:41
2012ko jardunaldiak, Garaia Berrikuntza Gunean.

Euskal Herri osoko 60 toki komunikabide batzen dituen Tokikom elkarteak jardunaldi bereziak antolatu ditu Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean azaroaren 14rako. Toki komunikabideen orain arteko ibilbidea eta etorkizunerako gakoak izango dira jardunaldiotako gai nagusiak. Egun horretan banatuko dira, era berean, Tokikom Sariak, "komunikabide txiki horien lana gizarteratu eta aitortzeko".

Antolatzaileen arabera, toki komunikabideek "ekarpen handia egiten" diote haien gertuko komunitateari, ikuspuntu informatibotik zein komunitatearen dinamizazioaren ikuspegitik: "Baina, hala ere, bigarren mailakotzat jotzen dira sarritan. Tokikomek irudi hori apurtu eta komunikabide txikion ekarpena azpimarratu eta gizarteratu nahi du. Sari hauen bidez, komunikabideotan egiten den lana ezagutarazi eta hizpide bihurtu nahi du Tokikomek".

Jardunaldien gaineko zehaztasunak eta izen-ematea, urri amaieran

Esandako moduan, azaroaren 14an egingo dira Tokikom jardunaldiak eta egun horretan banatuko dira Tokikom Sariak. Jardunaldion gai zentrala toki komunikabideen orain arteko ibilbidea eta, batez ere, etorkizunerako gakoak izango dira. Urriaren amaiera aldera aurkeztuko dira haren edukiak, eta irekiko da izena emateko aukera.

Tokikom Sariak: Oinarriak

Bi dira Tokikom Sarien helburu nagusiak: euskarazko toki komunikabideen lana ezagutaraztea, eta lan horren balioa publikoki aitortzea.
 
Parte hartzaileak

Saria jaso ahal izango dute tokiko informazioa lantzen duten euskara hutsezko komunikabideek. Sari honetarako, lurralde historiko, eskualde edo herri mailako estaldura duten komunikabideak hartuko dira tokikotzat, euskarri fisikoa eta maiztasuna edozein dutela ere.


Sariketan parte hartu ahal izango dute komunikabide horietan 2015eko irailaren 1etik 2016ko irailaren 1era bitartean argitaratutako lanek. Proposamenak bidaltzen dituztenek frogatu beharko dute proposatutako lanak benetan argitaratu direla tarte horretan.

Kategoriak

Hiru sari edo kategoria ezberdin banatuko dira:

  • Portada onenaren saria. Paperezko argitalpen batek editatuko portada onenaren saria. Sari horretarako, besteak beste, honako sari hauek hartuko dira kontuan:
    • Portadaren beraren diseinua.
    • Argazki, irudi eta bestelako elementu grafikoen balio estetiko eta-edo artistikoa.
    • Portadaren balio informatiboa (eta-edo iritzi mailakoa, hala balegokio).
  • Eduki onenaren saria. Kategoria honetan komunikabideek landutako edozein eduki informatibo aurkeztu ahal izango da, euskarri fisikoa edozein dela ere. Albistea, erreportajea zein elkarrizketa izan liteke, idatzizkoa, irudi bidezkoa zein ikus-entzunezkoa. Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan saria ematerakoan:
    • Gaiaren trataera
    • Balio informatiboa
    • Tokiko ikuspegia eta haren balio erantsia
    • Erabilitako euskarriari dagokion hizkuntzaren erabilera (idazkera, lokuzioa, muntaia…. egokia izatea).
    • Alderdi estetikoa
  • Ikus-entzunezko onena. Kategoria honetara aurkeztu ahal izango dira edozein euskarritan argitaratutako ikus-entzunezko lanak (bideo zein audio erreportajeak, grafiko interaktiboak, infografiak…). Saria emateko, irizpide hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:
    • Kalitate teknikoa
    • Balio informatiboa
    • Tokiko ikuspegia eta haren balio erantsia
    • Alderdi estetikoa
Lanak aurkezteko prozedura, epeak eta baldintzak

Sariketan parte hartzeko, ezinbestekoa izango da proposamenak bidaltzea epaimahaiari. Proposamen horiek lana argitaratu duen medioak zein beste medio edo partikular batek aurkez ditzake, honako prozedura honi jarraituz:

  • Prentsa idatzian argitaratutako lanen kasuan, proposatutako lanaren PDF artxibo bat bidali beharko da, eta/edo haren LAU kopia inprimatu.
  • Agerkari digitaletan argitaratutako testuen kasuan, propsatutako lanaren URLa bidaliko da, eta/edo haren LAU kopia inprimatu.
  • Ikus-entzunezko lanen kasuan, proposatutako lana ikusi edo entzuteko URLa, eta/edo artxiboaren LAU kopia, CD/DVD edo beste euskarri fisiko banatan. Artxiboen kopia fisikoak bidaliz gero, bidaltzailearen erantzukizuna izango da bidalitako artxiboak edozein ordenagailutan irakurtzeko moduko formatu batean egotea.

Proposamenarekin batera, fitxa labur bat bidaliko da, honako datu hauek jasoz:

  • Proposamena egiten duenaren izen-abizenak (edo izen soziala) eta kontaktatzeko modua.
  • Lana zein saritarako proposatzen den
  • Proposatutako lanaren izenburua
  • Proposatutako lana zein komunikabidetan eta noiz argitaratutakoa den
  • Proposamenaren arrazoiak: zer meritu edo ezaugarri ikusten zaion proposatutako lanari, sariotara aurkezteko.
Epaimahaia

Epaimahaia komunikazioaren alor profesional eta akademikoko hiru lagunek osatuko dute. Sariak erabakitzeko eskumen osoa izango dute, eta haien erabakia apelaezina izango da.

Sariak eta sari banaketa

Sariak aurkeztutako lanak argitaratutako komunikabideei emango zaizkie, eta ez dute dotazio ekonomikorik izango.
Sari bakoitzaren irabazleak diploma eta garaikurra jasoko du, eta Tokikomek sariaren inguruan antolatzen duen komunikazio kanpainan parte hartzeko aukera izango du.
Sari banaketa TOKIKOM Jardunaldien baitan egingo da.

Saritutako lanen jabetza

Tokikomek ez du inolako jabetza eskubiderik eskuratuko, ez aurkeztutako ezta saritutako lanen gainean. Hala ere, bere egiten du lanok berrargitaratzeko eskubidea, beti ere jatorria aipatuz. Sariketan parte hartzeak baimen hori ematea eta gainontzeko arau guztiak onartzea dakar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak