Antzeztutako bisita gidatu berezia egingo dute, domekan, Elgetan

Iazko urrian egindako antzezpenaren une bat.

Ohiko ibilbidea egingo dute bisitariek, baina 1936ko hogei bat pertsonaia aurkituko dituzte bidean. Asmoa da 1936ko frontea irudikatzea, eta modu horretan Intxortako erresistentziaren 80. urteurrena aldarrikatzea.

Urteurreneko ekitaldien barruan, domekan, antzeztutako bisita gidatu berezia egingo dute, Elgetan. Hogei bat lagunek orain 80 urteko gertaeretara eramango dituzte bisitariak. Taldea goizeko 10:00etan abiatuko da Espaloia kafe antzokitik eta bisita doan da. Familian egiteko aproposa dela esan dute antolatzaileek, eta ez dago aurrez izena eman beharrik.

"Ibilbideko bost gune ezberdinetan aurkituko ditugu 1936ko pertsonaiak. Egongo dira erizainak, irudikatuko dugu aginte-postuan erabakiak zelan hartzen zituzten... Antzerkilariek lehen defentsa lerrora ere eramango gaituzte eta fusilarien egoera ezagutuko dugu...", azaltzen du gidari lanak egiten dituen Nerea Villa elgetarrak.

"Bisita gomendagarria da. Aukera polita da gure historiako pasarte garrantzitsu hori gertuagotik ezagutzeko", esan du Villak. "Iaz ere egin genuen antzeztutako bisita gidatua, baina aurtengoa osatuagoa da".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.