Lizarte taldeko Oscar Rodriguez Oñatin onena; Jokin Etxabe bergararra hirugarren

Xabier Urtzelai 2016ko ira. 17a, 18:41

Lizarte taldeak lasterketa borobila egin du Oñatin, helmugatik 20 kilometrora egindako erasotik urrea aterata. Hor zebilen saltsan Bergarako Jokin Etxabe, eguneko ihesaldian sartuta, baina Bergarakoak hirugarren postuarekin konformatu behar izan du. Hori bai, mendiko saria ere poltsikoratu egin du.

Rodriguez, Samitier eta Jokin Etxabe. Hirurak garaipenagatik borrokan. Eta, borroka horretan lan bikoitza zeukan Seguros Bilbao taldeko mutilak, beste biak Lizartekoak zirelako. Hala, lasterketa amaitzeko hiru kilometroren faltan, Elorregitik Oñatira bidean, Rodriguezek jo du erasoa eta Samitier Jokin Etxaberen zain geratu da, harena zen-eta lehenengoa harrapatzeko ardura. Eta, normala den moduan, Etxabek ezin izan du bi kontrarioren kontrako borrokan garaipenik lortu. Hala, Rodriguez izan da Oñatiko Unibertsitateko Etorbidean lehenengoa azaltzen, eta segundo batzuetara iritsi da Samitier. Etxabe, hustuta, hirugarren postuarekin konformatu da, eta Asentzioko eta Untzillako gainetan lortutako puntuei esker, mendiko saria ere Bergarakoarendako izan da.

Errepidea arriskutsu

Lasterketa 10:30ean hasi dute Oñatin, eta 110 ziklista batu dira irteera puntuan. Helmugara ez dira denak iritsi, ezta gutxiago ere, denboraldi amaieran gaudelako, eta hankek ondo igartzen dutelako hori. Horrekin batera, tarteka euria bota du, eta horrek proba gogortzearekin batera, errepideak arriskutsu utzi ditu.

Sailkapena:

1 Óscar Rodríguez (Lizarte) 2:39:08
2 Sergio Samitier (Lizarte) 2:39:28
3 Jokin Etxabe (Seguros Bilbao) 2:39:33
4 Juan Antonio López-Cozar (Baqué Campos Team) 2:39:56
5 Julián Barrientos (Infisport-Arabanet) 2:40:04
6 Xuban Errazkin (Baqué-Campos Team) d.b.
7 David Casillas (Aldro Team) d.b.
8 Gotzon Martín (Fundación Euskadi – EDP) d.b.
9 Xavier Cañellas (Caja Rural – Seguros  RGA) d.b.
10 Eduardo Llacer (Aldro Team) d.b.

Mendiko Saria: Jokin Etxabe (Seguros Bilbao).
Taldekako Saria: Lizarte.
Tartekako helmugak: Noel Gil (Seguros Bilbao).

Hala, Lehendakari Txapelketa amaitzeko azken lasterketa bihar, domeka, izango dute Zaldibian, 110 kilometrotako lasterketarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak