Euskal Herriko txapelketa dago jokoan bihar, Aramaioko 15. rallysprintean

Iban Tarsicioren EVOa, iazko Aramaioko rallysprintean. | goiena

Euskal Herriko Rallysprint Txapelketako zortzi lasterketa jokatu ostean –azkena Azkoitian– sailkapena estu-estu dago bi piloturen artean, Aingeru Castroren (200 puntu) eta Enrique Barrenetxearen (193) artean zazpi puntuko aldea baino ez dago-eta. Alaitz Urkiola antzuolarra, Castroren kopilotua, txapeldun bilakatu daiteke berriz ere.

Eta ikusteko dago azken hiru lasterketetako bolada onari jarraituz –hiruretan irabazi du– Barrenetxearen Lancer EVO IXa Castroren M3a gainditzeko kapaz den, ala ez. Tituluaren lehian izango da ere Alaitz Urkiola antzuolarra, Aingeru Castroren aldamenean. Iaz titulua irabazi ondoren, podiumeko gorenera igotzeko aukera izango dute Aramaion.

Bi auto horiek izango dira potoloen artean faboritoak, baina borroka horretan egongo dira, baita ere, Iban Tarsicio (Evo IX) edota Joseba Beola (EVO X) moduko pilotuak. Hala, lau horien artean lehia polita egongo da, bazterrean utzi barik, kategoria bakoitzean egongo diren lehia estuak, guztira 54 automobil batuko dira-eta irteera puntuan: "Kopuru polita da lasterketa ikusgarria egiteko, eta aldi berean, antolaketa arazorik ez izateko, proba asko luzatzea ere ez delako komenigarria", adierazi du Inhar Amenabarrek. 

Tartean ibarreko lagunak 

Aurreratu moduan 54 automobil izango dira lasterketan, eta ibarreko hainbat lagun izango dira pilotu eta kopilotu lanetan: Maider Usandizaga kopilotua (EVO V, Ander Sarrao eta Aritz Garmendia (M3), Iñigo Errasti eta Erik Fuente (Clio Sport), Frutos anaiak (Clio Sport), Emilio Huerta (Peugeot 306 GTI), Unzetabarrenetxea anaiak (BMW 325), Gorka Urrutia eta Unai Jurado (BMW 318), Mikel Beretxinaga eta Omer Gartzia (BMW E30), Oskar Sarasua eta Koldo Olartua (Astra GSi 16V), eta Alex Calzon eta Jon Etxeberria (Saxo VTS).     

Lasterketari dagokionez ez dago aparteko nobedaderik, ibilbidea azken urteotakoa izango da, Irubiretan hasi eta Andramariko bidegurutzean amaituko dute (7.8 kilometro txanda bakoitzeko, guztira 23.4 kilometro) eta pilotuak 15:00etan hasiko dira lanean. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.