Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2016

Pello Urizar: "Otegi izango da EH Bilduren bozeramaile eta aurpegi nagusia"

EH Bilduk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako dituen Gipuzkoako hautagaien artean, zazpi dira debagoiendarrak eta horien aurkezpena egin dute Aretxabaletan. Aurkezpenean, Pello Urizar EH Bilduren hautagaiak berretsi du Arnaldo Otegik jarraituko duela izaten kanpainako "aurpegi eta ahots nagusi".

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako EH Bilduren Gipuzkoako zerrenda osotik ia herena dira debagoiendarrak, zazpi zehazki, eta horien aurkezpena egin zuten atzo arratsaldean Aretxabaletan.

Pello Urizar arrasatearra, Rebeka Ubera elgetarra, Larraitz Ugarte oñatiarra, Maider Otamendi Orendainen jaiotako eskoriatzarra, Donostian jaiotako baina gaur egun arrasatearra den Ander Rodriguez, Zumarragan jaiotako baina egun antzuolarra den Pedro Iturbe eta Barakaldon jaiotako baina gaur egun arrasatearra den Igor Ortega. Horien aurkezpena egin zuten hasteko.

Inhabilitazioagatik, sorpresarik ez

Ondoren, Pello Urizarrek hartu zuen hitza eta azaldu zuen Espainiak oraingoan ere bere izaera “naturala” erakutsi duela, EH Bilduren lehendakarigai Arnaldo Otegiri bozetara aurkeztea debekatu diolako Auzitegi Konstituzionalak. Baina badakitela Europara joko dutela bertan argudio juridikoak azter ditzaten. Hala ere, adierazi zuen ez dutela sorpresa handiegirik hartu.

Urizarrek gaineratu zuen interes politikoa dagoela Euskal Herria oraindik iraganean mantentzeko. Hala ere, azaldu zuen Euskal Herriak eta EH Bilduk argi dutela “beste aro” baten gaudela eta inhabilitazio eta oztopo guztien gainetik, aurrera egingo dutela.

Herri akordioa

EH Bilduk, eskaintza bat egin diela ekarri zuen gogora EAJ eta Podemos alderdiei, euskal gehiengo sindikalari eta eragile sozialei hurrengo legealdian herri akordio bat egiteko helburuz. Hauek dira akordioaren hiru helburuak: EAE murrizketa sozialen lurralde ez izatea; burujabetza berreskuratzeko ibilbide orria adostea; eta justizian oinarritutako bakea eskuratzea, gatazkak utzitako ondorio guztiak gaindituz.

Otegi kanpainan

Otegik kanpaina egiten jarraituko duela ere berretsi zuen Urizarrek: "Otegik kanpaina egiten jarraituko du, EH Bilduren aurpegi eta ahots nagusia izaten jarraituko du, horrela erabaki dutelako EH Bilduren oinarriek. Hori ez du Auzitegi Konstituzionalak erabakitzen".

Herritarrengandik "gertu"

Amaitzeko, Urizarrek esan zuen ezinbestekoa dela hilaren 25ean ezkerreko soberanismoak ahalik eta babes gehien jasotzea, bai ekitaldietan eta baita hautestontzietan ere. Eta herritarrenganako gertutasuna erakusteko, ekitaldiaren ostean, bertan gelditu ziren hautagaiak herritarren zalantzak eta kezkak argitu eta eurekin solasaldiak izateko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.