Txernobilgo haurrak eta bertakoak elkarrekin gustura jolasean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko uzt. 17a, 14:50

Txernobilgo zentral nuklearraren istripuaren 30. urteurrena dela gogora ekartzeko eta harrera-familia gehiagoren beharra dagoela aldarrikatzeko helburuarekin askotariko ekitaldiak antolatu ditu Txernobilen Lagunak elkarteak gaur Oñatin. Haurrentzako tailerrak eta puzgarria izan dira goizean Foruen Plazan, eta 17:00etan Asier Kidam magoak ikuskizuna egingo du gaztelekuan.

Aurten Ukrainiako hiru haur etorri dira Debagoienera; aurreko urteetan ere Oñatin izan diren Sasha eta Angelinari, zortzi urte dituen Maxim gehitu zaie. Jon Lopez eta haren familiaren etxean dago Maxin. Lehenengo egunak, bereziki, Maximentzako, gogorrak izan zirela dio Lopezek, baina egunak aurrera joan ahala moldatzen doala eta, orokorrean, familia osoarentzako sekulako bizipen ona izaten ari dela gaineratu du. Lagundu gura zutelako egin zuten bat elkartearekin, eta oso gustura daude orain, hartutako erabakiarekin.

Eskarmentua duten harrera-familiak

Gaurko ekitaldietan parte hatzera Oñatira etorri den Simon zarauztarrak seigarren urtez hartu du etxean 16 urte dituen Igor. "Dagoeneko etxeko kide bat gehiago da eta urtean zehar ere harremana dugu. Ukrainiatik datozenentzako onuragarria da oso euren jaioterritik kanpo udan egiten duten egonaldia. Negua gogorra izaten da han, eta indarberrituta itzultzen dira etxera. Hala ere, jaso bakarrik ez, eman ere asko egiten dute eurek. Esperientzia oso gomendagarria da, duda barik", kontatu du zarauztarrak. Alboan duen Igorrek ere Euskal Herrira oso pozik etortzen dela gaineratu du, eta, hark ere, harrera familia gehiagoren beharra aldarrikatu du. 

Nerea Zubia, Txernobilen Lagunak elkarteko idazkariak ere, orain dela bost urtetik hartzen du hango neskatila bat etxean; zoritxarrez, baina familien kopurua gutxitzen doala dio. "Istripua gertatu zen garaian, jendea sentsibilizatuago zegoen. Urteak pasatu dira eta gehienak ahaztu egin dira han gertatukoaz, baina, arazoak berdin jarraitzen du. Oraindik ere kutsatuta dago inguru hura, eta baita hango herritarrek jaten dutena eta arnasten duten airea ere. Hango haurrei hona etortzeak eta urtean 40 egun handik kanpo igarotzeak mesede handia egiten die; beraz, gurekin harremanetan jartzeko deialdia luzatuko nuke nik ere", dio Zubia oñatiarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak