Nerea Zubia: "Kutsatu gabeko elikadura izatea eta arnas garbia arnastea dira helburuak"

Eneko Azurmendi 2016ko uzt. 5a, 15:18

Txernobilen Lagunak elkarteko kideak nabarmendu du 30 urte igaro badira ere, oraindik kutsatuta dagoela inguru hura eta bertako herritarrek jaten dutena kutsatuta dagoela, baita arnasten duten airea ere. Hango haurrei hona etortzeak eta urtean 40 egun igarotzeak mesede handia egiten diela azaldu du.

Sasha eta Angelina Oñatin uda igarotzen duten Txernobilgo haurretako bi dira, Nerea Zubia eta Belen Zubiaren zaintzapean, hurrenez hurren. Sahak 15 urte ditu eta Angelinak, berriz, bederatzi. Bi hauei hirugarren bat ere gehitu behar zaie, Maxim. 

1996az geroztik, Txernobilen Lagunak elkarteak bertako umeak gure artean uda pasa dezaten lan egiten du. Izan ere, hamar urte lehenago izandako istripu nuklearraren ondorioz, inguru haiek kutsatuta jarraitzen dute eta bertako bizi kalitatea ez da ona. Osasunaren Mundu Erakundeak frogatuta dauka urtean 40 egun inguru hartatik kanpo igarotzeak mesede handia egiten diela haurrei, bai epe laburrean, baita epe luzean ere.

Kontuan izan behar da Txernobilen, 30 kilometroko eremuan, ezin dela bizi inor, kutsaduragatik. Beraz, bertatik gertuen bizi daitekeen lekutik, 50 kilometrora dagoen Ibankif herritik, ekartzen dituzte haurrok. Txernobilen Lagunak elkarteak bertako gizarte etxearekin lan egiten du. Behar gehien dituzten haurren zerrenda bat egiten du hango gizarte etxeak eta ondoren, hemengo familiak aurkitzen dizkiete.

Belen Zubia oñatiarrak pentsatu zuen, esfortzu handirik gabe hango haur bati  laguntzeaz gain, bere alaba Aiorarendako aberasgarria izango litzatekeela kanpoko haur batekin esperientzia partekatzea. Horregatik, Angelina ekarri zuen, iaz lehen aldiz. Benetan merezi duen esperientzia dela azpimarratu du. Dagoeneko harreman estua daukate eta urtean zehar ere saiatzen dira harreman hori mantentzen.

Istripu nuklearraren 30. Urteurrena dela eta, uztailaren 17an jaialdi bat ospatuko du Txernobilen Lagunak elkarteak, umeendako jolasak, magoak eta beste hainbat ekintzaz osaturik. Jaialdi honen bitartez, Txernobilgo errealitatea oraindik gogorra dela gogoraraztea eta jendea sentsibilizatzea izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak