Xabier Saldias (Egan): "Garai baten, musika belarrietatik sartzen zen; orain, begietatik"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko eka. 17a, 09:30
Xabier Saldias eta Idoia Uranga Oñatiko Olara auzoko jaietan kantuan.

46 urte bete ditu Egan taldeak plazarik plaza; urrian erretiroa hartuko du taldeko arima den Xabier Saldias abeslariak. Azken bira egiten ari dira; zapatuan Oñatiko Olara auzoan izan ziren.

Zer moduz?

Nekatuta, 65 urte martxoan bete nituen eta.

Hala ere, taularen gainean gustura zaudela ematen du.

Gogorra da emanaldi bakoitzeko hamabi ordu etxetik kanpo egitea. Kantatzea bakarrik izango balitz, 90 urte bete arte jarraituko nuke, baina lehengo garaikoak garenok dena egiteko ohitura dugu: kamioia gidatu, tresna guztiak muntatu... Eta horrek erre egiten du. Jendearen aurrean, gero, gustura izaten gara, baina...

Erretiroa hartuko duzu, beraz.

Herriz herri ibiltzetik erretiratuko naiz, bai. Hemeretzi urterekin hasi nintzen. Gizarte-segurantzan kotizatzea lortu dut eta orain lanik egin barik pagatu egiten dizutela ikusten duzu; beraz, kitto! Hiru hilabete oparitu dizkiot Ogasunari. Gustura nago garai baten musikan jarduteko hartu nuen erabaki zailarekin.

Eta gero zer, aspertu?

Bai, zera, nik badakit nola bizi: pilotan jokatu... Musikarekin ere gurako nuke jarraitu, baina herriz herri ibili barik. Koru txiki bat sortzea ere gustatuko litzaidake; Golden Apple Quartet-en estilora edo. Mikrofonoa ez dut guztiz itxi nahi.

Saldias beti kantatzen.

Noski, besterik ez dugu-eta ikasi. [Barreak] Negar ere kantatuz egiten dut nik. Etxetik jaso dudan afizioa izan da hori.

Gutxi izango dira Euskal Herrian zuk beste kilometro egin duenik.

Gure garaian, lauzpabost talde bakarrik geunden; orain, askoz zailagoa da, gehiago gaude eta.

Debagoienean ere askotan izan zarete. Zenbat alditan badakizu?

Oso txarra naiz horrelako kontuak gogoan izateko, baina akordatzen naiz garai baten Arantzazurako bidea sarritan hartzen genuela, jatetxe baten ez bazen aldamenekoan ospatzen zuten ezkontzan abesten. Oñatiko Errosario Bixamonan ere askotan izan gara; aurten ere, akaso, bertan izango gara; ez litzateke, bada, toki txarra Egan agurtzeko. Uztailaren 16rako Bergaran dugu lotuta.

Zapatuan Pirritx eta Porrotxen diskoei egurra eman zenieten.

[Barreak] Azkenaldian, horrela egiten dugu: haurrentzako kantuekin hasi, gurasoendako beste batzuk tartekatu, eta gazteak etortzen direnean beste era batekoak jotzen ditugu. Inprobisatzen ibiltzen gara beti, kantu-zerrenda pertsonalizatuak egiten. Jendeak esaten du gaur egun ez dela dantzarik egiten, baina gurekin, behintzat, bai!

Garai berrietara moldatzeko ahalegina egin duzue beti.

Gaur egun, musika-kultura handiagoa dago. Lehen, belarrietatik sartzen zen musika, eta, gaur egun, begietatik. Taldearen formatua aldatu beharra ikusi genuen: Roxi Zubizarreta koreografoa ekarri genuen eta baita nirekin batera abesten duten Idoia Uranga eta Ane nire alaba ere. Horiekin batera, Ruben Viejo (bateria jolea) eta Imanol Iribarren (teklatuak) daude. Garai baten asko kobratzen genuen; gaur egun, berriz, ahal dena. Aurrekontua murriztu behar izan dugu bizi irauteko!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak