"Horrela entrenatzen da Espainiako onena"

Xabier Urtzelai 2016ko eka. 15a, 19:11
Malen Ruiz de Azua, eta Istar Dapena, koltxoneta gainetik ura kentzen, gaur arratsaldean. Argazkia: Jonathan Perez.

Egunotako euri zaparradek eragin zuzena izan dute Espainiako atletismo txapelketa prestatzen dabiltzan Arrasateko atletengan. Hilabeteak dira pertika saltoko koltxoneta estaltzeko toldoa eskatzen dabiltzala, eta Jonathan Perez entrenatzaileak salatu du inork ez diela kasurik egiten: "Erretratuan daudenek Espainiako eta Euskadiko marka onenak dituzte, eta halaxe dabiltza entrenatzen". Gaur, eguaztena, arratsaldeko erretratua da hori, Mojategin.

"Herriko kirolariak saritzeko ekitaldiek ez dute ezertarako balio ondoren kirolari horiei ezertan ere laguntzen ez bazaie", adierazi du duela minutu gutxi Jonathan Perezek, Mojategitik bertatik, haserre. "Erretratuan azaltzen diren horiek Espainiako eta Euskal Herriko pertika jauzilari onenak dira, eta begiratu baino ez dago ze baldintzatan entrenatzen dabiltzan".

Euskal Herriko pertika harrobi onena gidatzen duen Perezi berba garbi egitea gustatu izan zaio beti: "Urrian eskatu genuen koltxoneta estaltzeko toldoa, lehenagotik zeudenak erabat hondatuta daudelako. Eta, urritik ez dugu inongo erantzunik jaso. Hala, euria egiten duenean koltxoneta busti egiten da, eta dagoeneko zulatuta dago. Bada, aurreko batean 200 litro ur inguru atera genituen koltxoneta barrutik, eta azkenean koltxoneta bera da erabat hondatu behar dena, dagoeneko hasita dago-eta hondatzen. Mojategira inor ez da gerturatzen ikustera ze baldintzatan entrenatzen gabiltzan, gimnasioan itoginik dugun... Jarrera hori ikusita, bestelako sariek ez digute ezer esaten".

Bi atletak lehenagotik hondatuta dagoen toldo batekin koltxoneta estaltzen.

Hain zuzen, Malenek Burgosen marka pertsonala ondu (4,22 metro) eta egun gutxitara iritsi dira erretratu hauek. Estatuko urteko saltorik onena egin zuen Arrasatekoak zapatuan, eta San Juanetan Espainiako Txapelketan izango da. Hain zuzen, izandako kirol lorpenengatik, Ruiz de Azuari kirolari onenaren saria eman zioten joan den egubakoitzean.    

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak