JULHNE27 kontzertua denon eskura

Mirari Altube Arrese 2016ko eka. 13a, 16:58
Monterronen jasotako irudietako bat.

Jul Bolinagaren omenez iaz Monterronen egindako jaialdiaren laburpena DVD bikoitzean jaso dute. Salgai jarri aurretik, ekainaren 21ean Amaia Udal Antzokian emango dute (20:30). 

Ekainaren 24an, ostera, eskuragarri egongo dira Arrasaten, 10 euroren truke.

"Orain dela ia urtebete kontzertu errepikaezina antolatu genuen Arrasaten, Monterron parkean, JULHNE27 (Jul Harro Nago Ekainak 27) izenpean, gure lagun Jul Bolinagaren omenez", diote Jul-en Lagunak Taldeko kideek –Kepa Altube, Igor Sala eta Iker Barandiaran, besteak beste–, eta kontzertu hark emandakoa DVDan jaso dute orain, betiko iraun dezan.

Musikari eta lagun ugari elkartu ziren orduan, egitasmora. "Musikariei dagokionez, Jul-engandik eta berak izandako ibilbidearengandik hurbilen sentitutakoak aukeratu genituen. Ez genuen partaideen izenik zabaldu nahi izan, protagonista Jul zelako. Baina harrotasunez eta hunkituta esan dezakegu belaunaldi oso desberdinetako testigantza esanguratsuak eta egiazkoak lortu genituela", argitu dute. Eta kontzertua "itzela" izan zen haien esanetan.

Ekainaren 27ko gau hura betiko gorde gura izan dute. "Kontziente ginen gau errepikaezina izango zela, Jul-ek ez du gutxiago merezi, eta erabaki genuen emanaldia irudiotan jasotzea, erretinan paratutakoa ahanzturak ezabatu ez zezan", jakinarazi dute.

Han bizitakoaren laburpena bi DVDtan batu dute: batean, RIPen kantutegian oinarrituta egindako emanaldi osoa; eta bestean, gainontzeko taldeen lagin bana, bakoitzeko hiruzpalau kantu: Magnificent 7, Karrocerias Betoño, Piztu Punk eta The Potes. Guztira, bi orduko iraupena.

Bost kamerekin grabatua

Kontzertuaren irudiak grabatzearen ardura Arteman Komunikazioa enpresak izan zuen, Magu Mendibil eta Unai Portillaren laguntzarekin, eta bost kamerekin grabatu zuten. Soinuaren ardura, ostera, Shot! grabazio estudioko Iñaki Bengoarena eta Danatek-eko Josu Lazkanorena (The Potes-en atala) izan zen. Era berean, Iñaki Bengoak egin du masterizazioa. DVDaren edizioa eta postprodukzioa, ostera, Goiena Komunikazio Zerbitzuak-ek egin du (Jagoba Domingo); eta diseinua Ibai Lakunzak.

Ekainaren 21ean Amaian

Laster jarriko dute salgai DVD bikoitza, 10 eurotan. Horren aurretik, baina, DVDa osorik emango dute Amaia Udal Antzokian ekainaren 21ean, martitzena, 20:30ean; sarrera doan izango da. Eta bertan aukera egongo da DVDa erosteko.

Era berean, ekainaren 24an DVDak saltzeko mahai bat jarriko dute Arrasaten, kalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak