Debagoiena eta Sahararen arteko lotura estutzeko taldea sortu dute

Jon Berezibar 2016ko mai. 13a, 18:16
Taldeko zenbait kide, gaurko aurkezpenean.

Sahararen aldeko kausa ezagutzera eman eta komunitatea batzeko taldea aurkeztu dute Arrasaten. Dituzten arazo eta aldarrikapenen berri eman gura dute eta era aktiboan bertako herritarrekin harremanetan jarri, eman eta jasotzeko.

Taldearen jendaurreko aurkezpena egiteko baliatu dute gaurko batzarra, Kulturaten. Bertako saharar komunitatea batu eta elkarrekin euren egoeraren berri eman nahi dute, hala, Debagoieneko gizartearekin harremanetan jartzeko. Duela bospasei hilabete hasi ziren asmo honekin eta gaur egin dute aurkezpena.

Sahararen aldeko kausa egunero borrokatu beharraren ideiak bultzatu du taldea. Azaltzen dutenez, jendeak "etorkintzat" ditu, baina ofizialki jatorrizko herrialderik ere ez duen komunitatea da eurena. Hortik, etorkin izateaz harago doazen arazoak dituztela diote; hasteko, estatu baten geratzeko paperak egiterakoan, nora jo eta zer egin gabe geratzen direlako. Salatzen dutenez, bertako erakunde eta autoritateetara jota, ezelako laguntza ala babesik ez dute lortzen.

"Auzoetatik hasi, udaletxeetara eta alderdi politikoetara iritsi arte"; maila guztietan gura dute euren egoeraren berri eman. Politikoki, erabakitzeko eskubidea da euren aldarrikapena eta eskaera horretan, alde guztietako laguntza behar dutela diote, "demokraziaren izenean". 

Saharara eta, baita ere, bertako komunitateetara begira jarri gura dute, bertako kulturan ere ekarpena egin nahi dutelako. Hain zuzen, belaunaldi berriak bertan hezitakoak dira, sema-alabek euskara eta bertako kultura barneratuta daukate eta sahararra bezain beste sentitzen dute euskal kultura. Horregatik, hartu eta emateko harremana ezarri gura du Debagoieneko saharar komunitateak.

Lanean hasiko dira orain taldea taxutzeko asmoarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak