Mankomunitateko presidenteak berretsi du ez dutela asmorik Gipuzkoako zaborra Epelera ekartzeko

Aretxabaletako alkate eta Mankomunitateko presidente Unai Elkorok azaldu du ez dutela asmorik Gipuzkoako zaborra Epelera ekartzeko, ez duelako "gaitasun nahikoa" zabor guztia jasotzeko eta ez zelako hiri hondakinendako egin. Horri erantzunez, Debagoiena Eredu. Zabortegirik ez! plataformatik esan dute susmoa dutela Gipuzkoako zabor nahasia Epelera ekarriko dutela eta eurek ez dutela zabortegirik nahi Epelen.

Goiena telebistako Harira saioan izan da Unai Elkoro eta herritar baten galderak zioen ea zertan dagoen orain dela hilabete batzuk hedabideetan atera zen Epelen zabortegia egiteko asmoa. Elkorok adierazi zuen printzipioz ezetz, Epelek ez duelako horretarako gaitasunik, eta bi urtean beteta egongo litzatekeela, beraz, Epele ez dela soluzioa, "petatxu" bat izango litzatekeela.

Horren aurrean, Debagoiena Eredu. Zabortegirik ez! plataformatik prentsa oharra bidali dute, eta bertan diote euren susmoa dela mankomunitateak baiezkoa emango diola Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari, eta Gipuzkoa osoko zabor nahasia Epelera ekarriko dutela eta eurek ez dutela hori gertatzerik nahi.

Alkateak gaineratu  zuen logikoena bere ustez, zaborra Lapatxera eramatea izango litzatekeela eta Kantabriara eramateko akordioa, berriz, alderdi ekonomikotik "astakeria bat" iruditzen zaiola ere esan zuen Elkorok.

Errauskailua eta kontsulta

Bestetik, errauskailuaren kontua dela-eta, herritar baten galderak zioen ea uste duen gaiak herri kontsulta merezi duen. Alkatearen erantzuna izan zen bere aldetik ez litzatekeela inongo arazorik egongo kontsulta egiteko, baina alternatibak zehaztu beharko liratekeela uste du, herritarrek bataren edo bestearen artean aukeratu ahal izateko.

Debagoiena eredu. Zabortegirik ez! plataformatik, bestalde, iragarri dute zabortegiari baiezkoa ematen baldin bazaio, proiektu horren aurkako sinadurak jasotzen hasiko direla eta proiektuaren aurka mobilizatuko direla.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.