Salaberria eta Ugalde nagusi Bergarako lau t'erdikoan

Julen Iriondo 2016ko mar. 16a, 15:13

Gazte mailan Salaberria goizuetarra eta nagusietan Ugalde oiartzuarra dira Bergarako Lau t'erdiko Soraluce Txapelketako irabazleak. Gazteetan final polita jokatu zuten Salaberriak eta Alberdik, eta irabazleak kontrako 10-0ekoari buelta eman behar izan zion, 19-22 irabazteko. Nagusien finala kaxkarragoa izan zen: Ugaldek 22, Santxok 11.

Gazte mailako finalean, zenbait sake, Alberdik bukatutako tanto eta Salaberriaren huts tarteko, konturatzerako 10-0 zegoen aurretik azpeitiarra.

Finala hasi orduko markagailuan alde handia izan arren kontra, Salaberriak ez zuen bururik galdu, eta lanean jarraitu zuen. Lehenengo tantoa eginda, erritmo handia jarri zion partiduari, airea bilatuz eta kontrarioa batera eta bestera mugituz. Eta jokamolde horrek emaitza ona eman zion.

Tanto polit asko izan zituen partiduak. 11. kartoira joan zen zuzenean Salaberria. Berriz ere Alberdi aurreratu zen, ordea, 14-11. Finalaren bigarren zatian aurreko jokoa eta botekoa tartekatu ziren, eta ez zen alde handirik izan ez batentzat ez bestearentzat: 14na, 15na eta 19na berdindu zuten, eta azken hiru tantoak Salaberriak egin zituen. Goizuetara, beraz, Bergarako Lau t'erdiko Soraluce txapelketako gazte mailako txapela.

Nagusiak

Nagusien finalean, Ugalde oiartzuarra 0-15 aurreratu zen di-da batean. 15 tantoetatik 9 sakez egin zituen Ugaldek. Santxo usurbildarra bere onetik irtenda ibili zen, ez zen partiduan sartu. Sakeei airez erantzuten hasi zen, baina ez zion emaitza onegirik eman. Ugaldek berea ondo egin zuen.

Desabantaila handiarekin, aurkaria mugitzen eta tantoa bukatzen asmatzen hasi zen Santxo. 11-18 hurbildu zen. Baina handik zuzenean joan zen Ugalde 22ra. Azken biak ere sakez egin zituen.

Gazteetan Salaberriak bezala, beraz, Ugaldek ere nagusietan txapela jantzi du Bergarako lau t'erdikoan parte hartu duen lehen aldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak