Pruden Gartzia: "Uneotan Nafarroako historiak axola badigu independentziagatik da, independentziak axola digulako"

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko mar. 11a, 18:30

Historialari oñatirrak Nafarroako auziak izeneko liburua aurkeztu du Antixena gaztetxean. Azpimarratu du gauzak ulertzen saiatzeko begiratzen dugula atzera, eta daukagun interesa ez dela inoiz neutrala. Nafarroako Erresumaren kasuan balioan jarri nahi izan duena da gerra hura negoziazio baten bitartez bukatu zela.

Oñatiko Antixena gaztetxeak gonbidatuta hitzaldia egin du, gaur, sorterrian Pruden Gartzia historialariak. Nafarroako auziak izeneko liburua aurkeztu du, eta Nafarroako Erresumaren galeraz aritu da nagusiki. "Nireak orain 500 urteko kontuak dira, baina 500 urteko kontu horiek badute zerikusia gaur egungo kontuekin", esan du.

Historialariaren esanetan Nafarroako historiak beti piztu du interesa euskaldunen artean, baina uste du historiarekin daukagun interesa ez dela inoiz neutrala. "Begiratzen dugu atzera laguntza bilatzeko, ia horrela zerbait hobeto ulertzen dugun. Eta uneotan Nafarroako historiak axola badigu independentziagatik da, independentziak axola digulako".

Gartziak gogoratu du nola orain 500 urte ia 20 urte iraun zituen gerrak. "Eta egun batean amaitu egin zen gerra. 1524. urtean gertatu zen hori, Hondarribiko setioa bukatu zenean gutxi gorabehera (...) Niri bereziki interesatzen zaidana da bakea nola egin zen, eta nire teoria da gerra hura negoziazio edo hitzarmen baten bitartez bukatu zela (…) Gaur egungo perspektibatik ikusita garrantzitsua da", azpimarratu du. “Une honetan ere gatazka bat bukatu da Euskal Herrian. Baina noiz bukatu da? Edo zela ari da bukatzen? (…) Atzera begiratzen dugu azalpen baten bila".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak