1.080 euroko pentsioak eskatu dituzte erretiratu eta pentsionistek Bergaran

Maite Txintxurreta 2016ko ots. 16a, 16:42

Gipuzkoako hainbat erretiratu eta pentsiodun batzen dituen Duintasuna elkarteak deituta, elkarretaratzea egin dute goizean Bergarako San Martin plazan, “Pentsio duinen alde” lelopean. Horren ostean, batzarra egin dute Irizar jauregian. Elkarte horretako kideak hilero batzen dira Gipuzkoako herri batean, eta gaurko hitzordua, esan bezala, Bergaran izan da.

Duintasuna elkarteak pasa den azaroaren 23an herri ekimen legegile bat aurkeztu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako parlamentuetan, pentsioak igotzea eskatuz. Eusko legebiltzarrean ez zuen aurrera egin, eta orain sinadura kanpaina abiatu berri dute.

60.000 sinaduratik gora jaso nahi lituzkete ondoren horiek parlamentuan aurkezteko. Bestalde, gaur egun Madriletik kudeatzen den pentsio sistemaren eskumena bertako legebiltzarretara ekartzea ere eskatu dute.

Menpekotasun laguntzen murrizketa

Batzarreko beste gai nagusia, menpekotasun egoeran dauden pertsona nagusiendako diru laguntzen murrizketa izan da. Elkarteko kideek azaldu dute aurreko legealdiaren amaieran, Gipuzkoako Foru Aldundian Bildu zegoenean, esan zutela 634 plaza sortu behar zirela, besteak beste menpekotasunaren arloan. Salatu dute oraingo EAJren gobernuak plaza kopuru hori murriztu izana eta proiektua atzeratu izana.

Duintasuna elkartekoek diote erabaki horren ondorioz nagusien egoitza edota eguneko zentroetako itxaron zerrendak luzatu egingo direla. Udaletxeek kudeatzen dituzten egoitzak Diputazioak kudeatzeko prozesua ere gelditu dutela salatu dute elkartetik.

Bestalde, gaineratu dute egun pertsonen menpekotasuna zehazteko balorazioak atzeratzen ari direla, eta horren ondorioz, menpeko pertsona horiek gehiago itxoin behar dutela diru laguntzak jasotzeko.

Orain gaia lantzen eta eztabaitdatzen dihardute, eta aurrerago informazioa pasako dute egoitzetara eta jubilatuen etxetara, eta euren aldarrikapenak instituzioei helarazten ahaleginduko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak