Errefuxiatuei laguntzen jardundako bi sorosleren lekukotasuna bertatik bertara

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko ots. 15a, 11:32

Hotz taldeak antolatuta Basque Lifeguards taldeko bi suhiltzaileren esperientzia entzun zen atzo Bergaran. Kontzertua eta argazki erakusketa ere egon ziren. Herritarrek emandako materiala errefuxiatuei bidaltzeko diru bilketa kanpainako ekintza izan zen, eta gehiago ere egongo dira.

Hotz Bergara elkarteak Gazte Asanbladarekin elkarlanean egin zuen herritarrek emandako materiala errefuxiatuei bidaltzeko diru bilketa kanpainako azken ekintza. Hitzaldia egin zuten Basque Lifeguards taldeko bi suhiltzailek eta kontzertua Pelax & Cowboy’s Orchestra taldeek. Horrekin batera ikusgai egon zen Kartzela Zaharrean Antonio Cossaren argazki erakusketa.

Material kopuru handia

Hotz Bergarako kideak oso pozik daude material bilketa kanpainak emandakoarekin. "Oso ondo joan da bilketa kanpaina", ziurtatu du taldeko kide Oihana Iñurrategik. "Gehienbat negurako materiala jaso dugu: arropa, kanpin dendak, lo zakua… Jendeak oso ondo erantzun du. Zenbait unetan gainezka ere egin dugu".

Materialaren zati bat bidalita dagoela adierazi du Iñurrategik. Lo zakuak, mantak eta kanpin dendak Madrilera bidali dituzte eta AAPS elkartea — Asociación de Apoyo al Pueblo Sirio— arduratu da errefuxiatuei bidaltzeaz. "Beste zazpi palet Lesbosera bidali ditugu beste elkarte baten bitartez, eta gelditzen zaigu sailkatuta daukagun gainerako materiala. Nora bidali aztertzen ari gara".

Material hori bidaltzeko diru bilketa kanpaina abiarazi dute Hotz Bergarakoek. Aurreko astean hitzaldia egin zuen Oihana Kortazar mendi lasterkari elgetarrak. Kanpaina horren barruan kokatzen da zapatuan Bergarako Kartzela Zaharrean egindako hitzaldia, kontzertua eta argazki erakusketa. "Dirua biltzeko itsulapikoak ipini ditugu inguruko hainbat dendatan eta tabernatan. Asmoa dugu baita ere zozketa bat egitea hainbat kirolariren materialarekin", azaldu du Iñurrategik.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak