Ekaitz Aranberri: "Gazteentzat gauzak antolatu beharrean, gazteek eurentzat gustuko dutena antolatzea da asmoa"

Bergarako Kilometroak 2016ko koordinatzaileak, Ekaitz Aranberri eta Mikel Egibar, herriko gazteekin batzartuko dira oraingo zapatuan, hilak 30, Aranzadi Ikastolako arteto nagusian, 11:00etan hasita. "Bergarako gazteak batu nahi ditugu, talde ahalik eta anitzena sortzeko" diote. Horren helburua, Kilometroak 2016 jaiaren barruan -urtean zehar eta egunean bertan- ekimenak aurrera eramatea da.

"Gazteentzat gauzak antolatu beharrean, gazteek eurentzat gustuko dutena antolatzea da asmoa, modu autonomoan, behar izanez gero, Kilometroetako batzordeen laguntzarekin. Gazteen nahi, indar eta gustuen araberakoa izango da emaitza. Ez dugu mugarik jarri nahi, ez gutxienekoa ez gehienekoa, talde horretatik irteten dena, benetan gazteen ekimenaren fruitu izan dadin".

Aurtengo Kilometroak jaiaren parte hartzean beste pausu bat eman nahi dutelako sortu da proposamen hau. Herriko eragileekin parte hartze prozesu bati ekiteaz gain, gazteekin eta gurasoekin beste bi foro sortzea da helburua. "Azken bi talde hauek, era autonomo eta autogestionatuan eta Kilometroak jaiaren baloreekin bat eginez, Gipuzkoako ikastolen jaiaren antolatzaile, eta ez laguntzaile soil, izatea da helburua, benetako parte hartzea ziurtatzeko" diote Kilometroak 2016ko koordinatzaileek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.