Argentinan egin du Mikel Aristik debuta Marseillako taldearekin

Xabier Urtzelai 2016ko urt. 22a, 09:41
Mikel Aristi, Delko Marseille Provence KTM taldearen maillotaz. (M. Aristi)

Gutxi batzuek lehenengoan egiten dute salto. Gehiengoak inoiz ez, eta badira profesionaletara pasa, zorteak bizkarra eman eta amorerik eman barik tematuta lanean jarraitzen dutenak. Tarteka, oso tarteka, saria izaten da horiendako, talentua dutenendako, eta sari horren lehenengo alea jasotzen dabil egunotan Mikel Aristi bergararra.

Delko Marseille Provence KTM taldearekin Argentinan hasi du urtea Aristik, Nairo Quintana (Movistar), Peter Sagan (Tinkoff Team), edota Vincenzo Nibali (Astana) moduko ziklisten kontra indarrak neurtzen, San Luisko Tourrean.  

Hasiera txukuna 

Eta bergararrak hasiera txukuna egin du. Lehenengo etapan, astelehenean, taldekako erlojupekoan Marseillako taldea zazpigarrena izan zen, Etixx-Quick Step taldearengandik –irabazleak– 58 segundotara. 

Bigarren etapa, ostera, esprintean erabaki zuten; Munduko txapeldun Peter Sagan (Tinkoff), Eli Viviani (Italia) eta Fernando Gabiria (Etixx-Quik Step) gaztearen artean lehia polita izan zen, eta ezustekoa emanda Gabiria nagusitu zen. Aristi ere aurrealdeko borrokan sartu zen, eta Bergarakoa 22. postuan helmugaratu zen. Hirugarren etapan, berriz (119 km), Aristik erorikoa izan zuen, eta denbora galdu zuen: "Lau urte eroriko barik egon ostean lurrera joan naiz gaur, eta minik hartu ez badut ere, amorrua ematen du azken metroetan taldekideei laguntzeko aukerarik ez izatea", adierazi du.

Gaur, egubakoitza, Renca eta Juana Koslay artean 168 kilometroko etapa izango dute, eta ikusteko dago atzoko erorikoak ondoriorik izan duen edo ez. Hala, domekan amaituko dute lasterketa, San Luisen (119km). 

Irizar eta Lizarralde ere gertu 

Aristi da Debagoieneko ziklisten artean dagoeneko martxan jarri den lehena, eta beste bi ordezkariak, Eneko Lizarralde (Euskadi-Murias) eta Markel Irizar (Trek-Segafredo) ere aurki hasiko dira.  

Jon Odriozolaren mutilek Levanteko epeltasuna aprobetxatu dute azken asteotan denboraldi hasiera ondo prestatzeko, eta Mallorcan hasiko dute urtea, urtarrilaren 28tik 31ra bitartean egingo duten Challengean. Eta hain zuzen, Mallorcan estreinatuko du Markel Irizarrek 2016a, udaberriko klasikoetan Cancellararen ondoan egotea egokituko zaio oraingoan ere, eta lasterketako erritmoa hartzen joateko ordua da. Ondoren Andaluziako Itzulia egingo du –garaipena lortu zuen 2011n–, Tirreno Adriatico eta klasiko nagusiak iritsiko dira, Flandes eta Paris Roubaix.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak