Emakumeen Birako lehen etapa Eskoriatzan izango da

Xabier Urtzelai 2016ko urt. 15a, 14:45
Iaz Arrasaten hasi eta amaitu zen Emakumeen Birako irudia; Megan Guarnierrek irabazi zuen esprint estuan. | x.u.

Aurten ere ibarreko ziklismo zaleek Emakumeen Biraz gozatu ahal izango dute, etxean bertan. Izan ere, Eskoriatzan hasi eta amaituko dute etapa bat –lehenengoa– bezperan durangaldean atariko proba egin ostean. Apirilaren 13tik 17ra bitartean egingo dute aurtengo edizioa, eta Bira osoa zehaztu barik badago ere, Eskoriatzako etapako ibilbidea erabakita dago

Aurten ere ibarreko ziklismo zaleek Emakumeen Biraz gozatu ahal izango dute, etxean bertan. Izan ere, Eskoriatzan hasi eta amaituko dute etapa bat –lehenengoa– bezperan durangaldean atariko proba egin ostean. Hala, Birako lehenengo pedalkadak Iurretan eman eta gero, apirilaren 14an –osteguna– izango da Eskoriatzako etapa: "Lehenengoa denez gogortasuna neurtu gura izan dugu, baina etapa oso interesgarria izango da", adierazi du Bira antolatzeko lanean dabilen Agustin Ruiz Larrinagak.   

Lasterketa osoa gurean 

Arratsaldez izango da lasterketa: "15:30ean ala 16:00etan hasiko da, erabakitzeke dugu oraindik", eta kilometro guztiak bailaran egingo dituzte: Eskoriatzatik Arrasaterako bidea hartuko dute ziklistek, Elorregitik Oñatira joateko –Oñati barrutik zeharkatuko dute– eta bueltako bidea saihesbidetik egingo dute. Ziklistak Eskoriatzaraino igoko dira ostera –herri guztiak barrutik zeharkatuko dituzte– eta Aingeru Guardan buelta erdi eman eta Arrasaten, Olandixoko tuneletik Gesalibarrera joango dira, Suña igo eta Aretxabaletara jaisteko. 

Eta, hor hasiko dituzte kilometro erabakigarriak, Arlaban igota, eta Gatzaga jaitsita. Seguru Suñako maldek lehenengo aukeraketa egingo dutela –2.4 kilometro dira, baina malda nahiko gogorrekin– eta ondorengo aukeraketa Arlabanek egingo du. Hor indartsuenek egingo dute aurrera, eta zalantza barik, Gatzagako jaitsieran trebeena denak asko izango du irabazita, berehala iritsiko delako Eskoriatzako helmuga, plazan bertan.   

Bira osoa, lotzeke oraindik

Oraindik ezin da aurreratu Iurretako atarikoaz eta Eskoriatzako etapaz batera gainontzekoak non egingo dituzten: "Zailtasun handiak izaten gabiltza. Durangaldean beste etapa bat ere egingo dugu seguru, eta aukera handiak daude laugarren etapa Lea Artibai inguruan egiteko, nahiz eta oraindik ezin dugun baieztatu". 

 

Elisabeth Armitstead Munduko Txapelketa irabazi berritan.  | Argazkia: www.themixedzone.com

Iaz baino "indartsuagoa"

Dena dela, antolatzaileek aurreratu dute iazkoa baino tropel handiagoa izango dela aurtengoa, eta indartsuagoa: "Hemezortzi talde izango ditugu aurten, Austria, Australia, Italia, Frantzia edota Ingalaterra moduko lurraldeak ordezkatuta egongo dira, eta irailean AEBtan Munduko txapeldun izan zen Elizabeth Armitstead ere lasterketan izango da –Munduko Kopa ere irabazi zuen britainiarrak–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak