Parte hartze handia izan du Jardunen 24. Amodiozko Gutunen Lehiaketak

Maite Txintxurreta 2016ko urt. 15a, 10:04

Laurogeita hamalau gutun aurkeztu dituzte guztira, Euskal Herriko txoko desberdinetatik. Sari banaketa ekitaldia otsailaren 13an egingo dute Irizar jauregian.

"Oso pozik gaude jasotako gutun kopuruarekin", adierazi dute leihaketaren antolatzaileek. Aurten, laurogeita hamalau jaso dituzte, eta azken urteotako parte hartze daturik handiena izan da 24. edizio honetan.

1993. urtean sortu zuten Amodiozko Gutunen Lehiaketa, Berrigara aldizkariaren 100. alea ospatzeko aitzakitan. Ekimenak herritarrengan euskaraz idazteko zaletasuna bultzatzea izan du helburu hasieratik. Hala, gerora herri desberdinetan sortu diren amodiozko gutunen lehiaketen aitzindaria izan zen Bergarakoa.

Gizonezko gehiago

Gutun horien idazleen gehiengoa, hirurogei, hain zuzen, emakumeak izan dira, eta gainontzeko hogeita hamalauak gizonak. Bestalde, parte hartzaileen batez besteko adina ere igo egin dela azaldu dute euskara elkartetik. Jardun elkartetik nabarmendu nahi izan dute beste edizio batzuekin alderatuta, aurtengoan hogeita hamar urtetik gorako "gizonezko heldu dezentek" hartu duela parte.

Jasotako gutunen artetik, Bergararrek bidalitakoak 12 izan dira. Debagoieneko gainontzeko herrietatik lau, eta Gipuzkoa mailan, guztira 56 parte hartzaile izan dira. Horietaz gain, 25 bizkaitarrek ere bidali dituzte haien lanak; Nafarroatik 10 gutun jaso dituzte Jardunen, Arabatik bi eta iparraldetik bat.

Epaimahaia

Urtero bezala, literatura eta kultura munduko jendea izango da gutunak irakurri eta baloratzeaz arduratuko dena. Aurten, epaimahai nagusia osatuko duten pertsonak honakoak izan dira: Arianne Unamuno (kantaria), Agin Larburu (bertsolaria), Andoni Urtzelai (idazlea) eta Josune de Goñi, pasa den edizioko irabazlea.

Bestalde, epaimahai gaztea ere izango da, 26 urtez azpikoen lanak irakurri eta horiei buruz iritzia ematen. Kasu horretan, herriko ikastetxeetako ikasleak izango dira; Aranzadi ikastolako Maite Arrillaga eta Miren Castelo eta Ipintza institutuko Amaia Langares eta Ane Loidi arituko dira zeregin horretan.

Sari banaketa

Irabazleak saritzeko ekitaldia otsailaren 13an, San Balentin egunaren bezperan, egingo dute, 12:00etan Irizar jauregian. Ondoren, bertaratutakoentzat luntxa egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak