Eibarrek erraz irabazi dio Realari, Luis Herzogen omenezkoan (2-0)

Eibarrek ondo irabazi dio Realari Agorrosinen jokatu duten Bergarako gazte mailako Gabonetako Torneoko finalean (2-0). Talde armagina lehenengo zatian aurreratu da markagailuan, eta bigarrenean erabakita utzi dute partidua. "Bi talde hauek dira maila honetako oilarrak, baina Bergarako eta Mondrako ordezkariek ere txapelketa txukuna egin dute", adierazi du Bergarako ordezkari Josu Elorzak.   

Luis Herzogen omenezko txapelketako finalean Eibar Reala baino gehiago izan da. Gutxik espero zuten halakorik, atzoko finalerdietan eibartarrek gogotik sufritu zutelako Mondra mendean hartzeko –penaltietan egin zuten aurrera– baina Ipintzako berdegunean baino hobeto moldatu dira Agorrosinen, eta 2-0 irabazi diote Realari. Aldea handiagoa ere izan zitekeen, baina epaileak baliogabe utzi du partidua amaitzeko minutu gutxiren faltan Eibarkoek egindako 3-0ekoa.

Eta hori Eibar finala irabaztera baino jokalariak saritzera etorri dela finalera. Izan ere, bigarren zatia hasteaz batera Eibarko entrenatzaileak jokalari ia guztiak aldatu ditu jarraian –zortzi bai– eta hala ere, Realeko jokalariek jarraikortasun handiagoa izan badute ere ez dira izan Eibarko ordezkoen kontra itxura hobea erakusteko.

Sari banaketa ekitaldian, Bergara Kirol Elkarteko antolatzaileek torneoko jokalari onena saritu dute, eta normalean halakoetan aurrelariak nabarmentzen badira ere, oraingoan atzelari batendako izan da saria, Eibarko kapitain Andoni Tellorendako –gola ere egin du finalean–.

Kontuak kontu, txapelketa borobila utzi du aurtengo Luis Herzogen omenezkoak, eta atzoko finalerdietan Ipintzan giro polita egon bazen, gaurko finalera futbol-zale asko gerturatu da. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.