Bihar frontoian laranja nahi du nagusi Librek

Azaroaren 13an zapatuko ekitaldia iragartzerakoan egindako mosaikoa.

Pilotalekua bete nahi dute 04/08ko auzipetuei eta Arrano eta Artatseri babesa eskaintzeko ekitaldian. 18:00etan hasiko da, eta ekitaldi nagusiaren ondoren pilota partiduak egongo dira. Ondoren, kalejira eta kontzertuak.

"Atsegina, sakona, ikusgarria..."; halako ekitaldia iragarri du Librek bihar –zapatua– arratsalderako. 35/02 eta 04/08 auziak salatzeko ekitaldia izango da; Arrano tabernari eta Artatse elkarteari eta Aittor Arantzabal, Mikel Zubimendi, Mikel Garaiondo eta Ino Galparsoro –arrasatearra hau– auzipetuei babesa eskaintzeko. Bergararrak ez ezik, debagoiendarrak deitu dituzte Udal Pilotalekura: "Garrantzitsua da denon parte-hartzea". 

"Halako epaiketa eta sententzia politikorik" onartzen ez dutela adierazteko, 18:00etan izango da hitzordua. "Publiko mota guztientzako" egitaraua izango da, "festa eta aldarrikapena uztartuz" egingo dena. Musiraka dantza taldearen saioa izango da, adibidez, biolin, gitarra eta bertsoz lagunduta. "Hitz musikatuak" ere iragarri dituzte, eta auzipetuek zein Arranoko eta Artatseko eta Libreko ordezkariek hitza hartuko dute. Mosaikoa egingo dute amaitzeko, Kopla Barik bertso eskolakoen bertsoa lagun. Ekitaldirako sarrerak Pol-Polen, Ariznoan, Arranon eta Kortazarren eskura daitezke –Arrasaten, Iratin–, eta bihar 17:00etatik aurrera frontoiko leihatilan.

Pilota partiduak ondoren 

Ekitaldiaren lehen zatiaren ostean, pilota partiduak jokatuko dira frontoian: Arranoko txapelketako finala, Biritxi eta Igartua aurrez aurre; nesken partidua, Atorrasagasti-Ruiz Arizabaleta-Madariagaren kontra; eta Mikel Goñi jokoan ikusteko aukera ondoren, Beñat Iñarra lagun, Eneko Mugurutza eta Aritz Rezustaren kontra. 

Partiduen ostean, kalejira egingo dute erraldoi, buruhandi, trikitilari, hankapalo, batukada eta abarrekin –amaiera Arranon–. 22:30ean, berriz, kontzertuak egongo dira gaztetxean: Anger, Montauk eta DJ Naken Selektor.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.