Elkartasuna, musika eta giro ona izan dira nagusi SOS Sahara jaialdian

Maite Txintxurreta 2015ko aza. 22a, 20:25

Bergarako Gaztetxea lepo bete da gaur arratsaldean Saharar kanpamenduetako bizilagunei laguntzeko. Urrian uholdeak izan zituzten, eta Tinduf bezalako guneetan kalte handiak eragin zituzten, etxeak, eskolak eta ospitaleak hondatuz.

Hori dela eta, elkartasun kontzertua antolatu du Bubisher elkarteak. Iker Lauroba eta Itsasargiak, Beñat Igarabide, Folkiak eta Emon taldeek giro bikaina jarri dute Kartzela Zaharrean.

Kontzertua iragartzen zuen kartelean sahararrez osatutako Sahara Libre taldeak ere kontzertua eskainiko zuela zioen arren, azkenean ezin izan dira Bergarara etorri, arazo teknikoak medio. Gainontzean, baina, ezin hobeto joan da dena gaur arratsaldean. Jende mordoxka batu da Kartzela Zaharrean Sahararekiko elkartasun kontzertuetan, tartean Bergaran eta inguruan bizi diren saharar asko.

Sarreretatik lortutako diru guztia errefuxiatuen kanpamentuetara bideratuko dute, eta antolakuntza taldeko Aitziber Osak azaldu duenez, kontzertura etorri ezin izan duen jende askok sarrera erosi du laguntza emate aldera. Bestalde, egutegiak eta diskoak ere salgai jarri dituzte. Hala, "oso pozik" daudela adierazi dute antolatzaileek. Josue Lazkanok eskerrak eman nahi izan die ezer kobratu gabe gaurko ekitaldian parte hartu duten musikariei eta gerturatu diren herritarrei.

Kontzertuek iraun bitartean publikoko jendea, aurreko ilaretakoak bereziki, abesten eta dantzan aritu dira etengabe, eta saharar bandera handiak astindu dituzte, Yallah oihu eginez. Sekulako giroa izan da hasieratik bukaerara.

Sahararren egoera

Debagoieneko sahararren elkarteko presidente Salem Salek ere Bergaran izan da gaur. Azaldu duenez, errefuxiatuen kanpamenduetan egoera txarra bizi dute: "jendea dohaintzei esker bizi da, eta laguntzak heltzen ari diren arren, oraindik ere falta da", dio. Bubisherrek antolatutako jaialdiari buruz galdetuta "ikaragarria" izan dela adierazi du Salekek: "kontzertu hauek jendea alaitzen dute, eta aldi berean beste pertsona batzuk laguntzen dituzte". Haren ustez, garrantzitsua da "jendea saharar errefuxiatuen kanpamenduetan eta, orokorrean, okupatutako lurraldean bizi duten egoeraz jakinaren gainean egotea".

Erlazionatuak

SOS Sahara jaialdia Bergarako gaztetxean

Maite Txintxurreta 2015 aza 22 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak