Jose Antonio Azpiazu: "Debagoienak ere lotura estua izan du itsasoarekin"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko aza. 16a, 15:03
Jose Antonio Azpiazu, liburu berria eskuan, Donostiako portuan.

Bereziki aspaldiko euskaldunen bizimoduen ikerketan ahalegintzea maite duen pertsona da Jose Antonio Azpiazu (Legazpi, 1944). 20 liburu baino gehiago idatzi ditu, batez ere XVI. mendeko euskal bizimodua dutenak oinarri. Argitaratu berri duen Y los vascos se echaron al mar liburua ere horren adibide da; 206 orrialde ditu, ilustrazio eta guzti.

Curriculum luzea dauka Oñatin bizi den historialariak: Donostiako Jakintza ikastolan zuzendari izan zen, gero Mondragon Unibertsitateko irakasle, eta ondoren, Oñatiko unibertsitate zaharreko Nazioarteko Lege Soziologiako erakundearen argitalpenen arduradun ere izan zen erretiroa hartu arte. 

Euskaldunek itsasoarekin harreman “estua” izan zutela diozu. Eta debagoiendarrek? 

Debagoienak ere lotura estua izan du itsasoarekin, halabeharrez. Hemengo lurra ez zen emankorra eta burdin tresneria kanpoan saldu behar izaten zen kanpotik garia eta ardoa ekarri ahal izateko. Arrasateko, Bergarako eta Oñatiko merkatariak oso garrantzitsuak izan ziren zeregin horretan. 

Zeintzuk izan ziren itsasoarekin lotura estuena izan zuten Debagoieneko herriak? 

Arrasate, Bergara eta Oñati nabarmenduko nituzke. Arrasatek Europa osoan horren famatua zen altzairua saltzen zuen eta horretarako bitartekariak zituzten Bilbon zein Donostian. Arrasateko altzairua, Esteban de Garibai arrasatear ospetsuak zioenez [Felipe II.a erregearen kronikaria izan zen Garibai], Milanekoa bertakoa baino hobea zen. Bestalde, bergararrek armak eta lihoz egindako janzkiak esportatzen zituzten eta oñatiarrek, aldiz, iltzeak, ferrak eta zartaginak bidaltzen zituzten Sevillara, gero handik Ameriketara bidaltzeko. 

Itsas-gizonen artean, zeintzuk nabarmendu ziren gure bailaran? Izen propiorik ematerik? 

Merkatariak izan ziren itsasoarekin harreman estuena izan zutenak, zalantza barik. Horiek ziren, hain justu, gure enbaxadoreak mundu zabalean. Izen propio batzuk aipatzearren: Arrasaten, Okariz de Santamaria; Bergaran, Perez de Irabazal eta Gantxegi, eta Oñatin Lazarragatarrak eta Igarza.   

Debagoiena kostalderik gabeko eskualdea izanik, nola da posible itsasoarekin horren lotura estua izatea? 

Probintzia barruko eskualdea izan arren itsasora begira bizi zen Debagoiena. Izan ere, itsasoa zen mundurako leiho irekia, merkataritzarako bidea. Debagoienekoa ez bada ere, adibide bat jarriko dizut probintzia barruko herri batek itsasoarekin nolako lotura zuen ulertzeko: Altzola Elgoibarko auzo ezezagun bat da gaur egun, baina XVI. mendean Gipuzkoako merkatalgune garrantzitsuenetakoa zen, eta bertara bideratzen zituzten ekoiztutako materiala eta tresneria. Gero, Altzolatik Debara dauden hamabi kilometroak ibai-txalupaz egiten zituzten; oso abantaila errentagarria zen gero Debatik Pasaiara, Sevillara edo beste nonbaitera abiatzeko. Gainera, Deba bailaran zegoen mugimendua gaur egungo kooperatiben antzerakoa zen: herrien eta merkatarien arteko elkartasuna, elkar laguntzea eta merkataritza konpainiak eratzea. Oso modernoak ziren garai hartarako; bazekiten guztien artean lan eginda sortzen zirela indarra eta babesa. 

Hitz egin dezagun argitaratu berri duzun liburuaz. Zer aurkituko du irakurleak? 

XVI. mendean dago kokatuta, garai horretakoak dira-eta historian atzera eginda aurkitu ahal diren dokumentuak eta bizimoduen isla diren agiri fidagarrienak. Uste dugu gure itsasoaren eta haren historiaren inguruan dena dakigula, baina oraindik dena dago ikertzeko. Artxiboetako agiriak argi esaten digute gure itsas-gizonen historiak ezkutuan jarraitzen duela eta hor mundu harrigarri bat ageri zaigu: itsaso beldurgarria, kortsarioen eta piraten mundua, Indiarako bidaiak, Ternuako arrantzaleen gorabeherak... Eta azkenik, itsas munduan gehien ezkutatu den emakumeen parte-hartzea. 

Zergatik izenburu hori? Hau da, zergatik itsasoratu behar izan ziren euskaldunak? 

Itsasorik gabe euskaldunak ez dira ezer izan, ez dago ulertzerik gure historia itsasoarekin izan ditugun harremanak aintzat hartu barik. Patuak edota desafio batek eraman ditu euskaldunak itsasora lurrak ez zuelako nahikoa ematen bizi izateko. Hau da, biziraupenerako ezinbestekoa izan zen itsasoa. Esandako moduan ez ziren itsasbazterreko herriak izan itsasoratu zirenak: Antzuola, Arrasate, Bergara, Elgeta, Oñati... Denak bizi izan ziren itsasoko merkataritzari begira, barrualdeko ekoizpenek kanporako bideak har zitzaten. Merkatari euskaldun nagusiak itsasora begira zeuden eta askotan itsasoan bertan bizi izan ziren. 

Nolakoak ziren orduko arrantzaren berezitasunak? Zeintzuk dira gaur egungo arrantzarekiko ezberdintasun nagusiak? 

Kantauri itsasoko arrantza arriskutsua zen, baina are arriskutsuagoa zen Irlanda aldera irtetea eta zer esanik ez Ternuan egiten zena: bide luzea eta arriskuz betea, eta izugarrizko hotza jasan beharra. Gainera, itsasontzia izotzak harrapatuta geratzen zenean, ez aurrera eta ez atzera, arriskua are handiagoa bihurtzen zen. Heriotzaren arriskua oso presente zegoen. Horrez gain, kortsarioak eta piratak ere bidean aurkitzen zituzten, handik ekarritako arrantza lapurtzeko asmo gaiztoz erasoak jasaten zituztenak. Gaur egungo arrantza, ordea, askoz errazagoa eta erosoagoa da. Hala ere, belaunaldi aldaketarik ez dago. Gazte gehienek lan errazagoak bilatzen dituzte, kostaldeko herrietan gertatzen ari dena begiratzea besterik ez dago. 

Baserriarekin gertatzen ari dena ari al da gertatzen itsasoarekin ere? 

Ondarroako portuan marinel gehienak beltzaranak dira. Hemengo gazteek ez dute itsas munduko konturik nahi. Gogorra da, oso gogorra. Eta, gauzak asko hobetu badira ere, arriskutsua ere bada oraindik. Errazera jo dute gazteek, bestelakoak dira euren lehentasunak. Aiton-amonen garaiko bizimodua bukatu da. Baserritik lantokira egin dugu eta gero baserrian ez da inor geratu. Eta itsasoarekin ere berdin, beste ogibide batzuk lehenesten dira. Itsasontziak ere, baserrien eta baserritarren antzera, desagertzen ari dira marinelekin batera.     

Itsasoak nola tratatu du euskalduna? 

Euskaldunendako ama bat bezala izan da itsasoa. Bizitzeko, bizirauteko, aukerak eskaini dizkigu itsasoak. Bestalde, konparaketarekin nolabait jarraitzeko, amaginarreba bat bezala ere izan da. Hau da, gaitzak ere eragin dizkio itsasoak euskaldunari; hilketak, suntsiketak, galerak... Hortaz, denetik egin dio itsasoak euskaldunari, bizitza eman eta kendu. 

Itsasoan euskaldunek bizitako gertakizunen bat azpimarratuko zenuke? 

Urruti joan gabe, XIX. mendean, dokumentu asko aurki daitezke protestas de mar izena dituztenak. Itsasoan zituzten arazoak ageri dira agiri horietan, larrialdi une garrantzitsuak. Makila nagusia bota behar izatea, itsasontzia galtzea edo itotzear egonda inguruko portu bateko itsasontzi batek salbatzea... Halakoak gertatu izan dira gure inguruan ere bai, Kantauri itsasoan bertan. 

Arrantzaz aparte zeintzuk izaten ziren itsasoko espedizioen helburu nagusiak? 

Merkataritza, duda barik. Sevillara eta Europako hainbat herritara burdina, tresneria eta armak saltzen ziren. Artilea ere saltzen zen Europara baina hor Burgosko merkatariak ziren nagusi, euskaldunak garraiatzeaz arduratzen ziren batez ere. Emigratu ere egiten zen, bereziki Indietara, hemengo estutasunak gainditu eta gosea saihesteko. Bizimodu hobe baten bila.  

Aurtengo apirilean indargabetu zen azken 400 urteotan Islandiako mendebaldeko fiordoetan euskaldunak erailtzeko baimena ematen zuen lege bat. Nola uler daiteke hori? 

Gai horren gainean laster kaleratuko dudan hurrengo liburuan mintzatuko naiz. Pasadizo oso interesgarriak aurki daitezke Islandia inguruko uretan –hemengo paperetan Yslan bezala agertzen da. Martin de Villafranca kapitainaren eta bere tripulazioko kideen erailketak zoritxarreko istripu itxura gehiago dauka mendeku zantzutik baino. Lege hori egin bazen ere, hurrengo bi mendeetan oso ona izan zen bi herrien arteko harremana. [Islandiarrek eta euskaldunek akordioa zuten baleak arrantzatzeko. Hala ere, 1615ean hiru euskal baleontzi heldu ziren Islandiara, eta haizete bortitz batek bi hondoratu zituen. Bertakoekin izandako liskarrak zirela-eta, sheriff batek euskaldunen hilketa agindu zuen; Martin de Villafranca bera eta beste 31 marinel gipuzkoar erail zituzten. Gertaera hark eragin zuen lege berezi horren sorrera; hurrengo 400 urteetan harremana ona izan zen bi herrien artean] 

Liburuko bitxikeriarik aipatuko zenuke? 

Itsasoari lotutako giroa oso serioa eta hotza da hein handi baten, izan ere, elementu ezegonkor baten bizi zirelako, itsasoaren indarraren menpe eta piraten bortizkeriaren beldur.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak