Hondarribiako arraun taldea eta zale elgetarrak, inoiz baino gertuago

Xabier Urtzelai 2015ko urr. 31a, 13:22
Hondarribiako arraunlariak, ekitaldi hasieran, aurreskua zelan dantzatzen duten ikusten.

Duela hamar urte broma moduan hasi zen ekimenak hamar urte bete ditu gaur, eta ostera ere elkartu dira zale elgetarrak eta Hondarribiako arraunlari eta arraunlari ohiak, elkarrekin eguna pasatzeko asmoz: "Inoiz etortzeke nengoen, banekien taldean ohitura zegoela, eta harrigarria da arraunak zelan batu dituen Gipuzkoako bi puntatan dauden bi herri", adierazi dio GOIENAri Alex Udabe arraunlariak. Gaurkoa hitzordu berezia izan da, Jon Sarasketa omendu dutelako.

Hamaiketako batekin hasi dute goiza Elgetan Hondarribiako arraunlariek, eta sabela beteta, plazara gerturatu dira, aurten irabazitako ligako garaikurraz. Plazan aurreskua egin diete, eta udaletxeko osoko bilkuren aretoan jarraitu du ekimenak. Goraino bete da aretoa, merezitako harrera egiteko. Alkatearen ongietorria jaso ostean duela hamar urte ekimena zelan sortu zen azaldu dute, eta Elgetako zaleek baieztatu dute Hondarribia sutsuki bultzatzen jarraituko dutela.

Elgetako alkatearen eskutik mimoz egindako oroigarria jaso dute Hondarribiako ordezkariek.

Hala, Hondarribikoen partetik ere esker berbak, elgetarren animuak traineruan igartzen dituztela aitortuaz: "Ederto doa eguna, sekula etortzeke nengoen eta harrituta geratu naiz egin diguten harreraz. Banekien taldean ohitura zegoela, baina ez nuen halakorik espero. Plazerra da Elgetan halako jarraitzaile taldea izatea", adierazi du Alex Udabek. Elgetakoen bandera berde handian sinadura bota dute egungo arraunlariek eta beteranoek, eta ekitaldiak plazan jarraitu du.

Omenaldia Jon Sarasketari

Omenaldi berezi batekin egin du goizak aurrera. Izan ere, musikaz eta dantzez lagunduta Jon Sarasketa elgetarrari omendla egin diote herritarrek. Sarasketak lagun askoren opariak jaso ditu, besarkadak banatu ditu, eta herritarren kantuak gidatu ditu, zuzendariaren makila eskuan. Aurreskua dantzatu ostean, eta hainbat abesti elkarrekin abestu ostean, familia argazki handi batekin amaitu da ekitaldia.

Jon Sarasketa argazkiaren erdian; besteak beste, Hondarribiako arraun taldearen elastikoa oparitu diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak