Atxabalpeko alboko zelaian belarra jarriko du Eibarrek, Arrasateko Udalarekin akordioa eginda

Eibar futbol taldeak eta Arrasateko Udalak hitzarmena sinatu dute eguerdian. Lehendik ere entrenatzen du Lehenengo Mailako taldeak Atxabalpen, baina oraingo hitzarmenarekin alboko futbol zelaia ere erabili ahal izango dute aurrerantzean. Akordioaren barruan, hurrengo aurredenboraldiko partidu bat Arrasaten jokatuko dute armaginek.

Abendurako bertan entrenatzeko prest eduki nahi du Eibarrek Atxabalpeko alboko zelaia. 80.000 euroko inbertsioa egingo dute bertan, drenajean eta belarra jartzen, batez ere. Akordioak jasotzen du, baita ere, Atxabalpeko zelai nagusiko erreka ondoko harmailak botatzea eta inguru hura egokitzea, gaur egungo egoerak ez du-eta legea betetzen segurtasunari dagokionez. Arrasateko Udalaren eta Eibarren arteko hitzarmenak jasotzen duen beste puntu bat da armaginek lagun arteko partidu bat jokatuko dutela aurredenboraldian Atxabalpen. Nahi lukete lehen mailako talde baten kontra izatea.

Aurrerantzean ere, beraz, Atxabalpe izango da Eibarren ohiko entrenamendu lekua. Hileko 600 euroko alokairua ordainduko dio klubak Udalari. Bergararekin ere badute hitzarmena armaginek, baina Agorrosin eurendako bakarrik izan ezin eta Atxabalperen aldeko hautua egin dute. Bide batez, Alex Arantzabal Eibarko presidenteak gogorarazi du bailaran ere eros daitezkela Ipuruarako sarrerak, eta klubak doako autobusak jartzen dituela, gainera, bertara joateko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.