Maite Iturbe, EITB Taldeko zuzendari nagusia: "Konkista asko egiteko dauzkagu oraindik"

Larraitz Zeberio 2015ko urr. 27a, 15:00

Arrasatearrak 2013ko martxoaren 7a ezkero zuzentzen du EITB Taldea. Ez ditu elkarrizketa asko ematen. Bilboko egoitzan egin du hitzordua PUNTUArekin. Hemen, aldizkarian jasotakoak.

Zure egunerokoa aldatu du kargu berriak?
Erantzukizuna askoz ere handiagoa da. Nire lana, lehen, askoz ere teknikoagoa zen. Orain, sozialagoa da, eta beste eragin bat du. Produktuarekiko soilik ez, gizartearekiko eta Parlamentuarekiko eragina du. Horregatik, lanetik etxerako joan-etorrietan, etxean bertan… piztuta dauzkat irrati eta telebista kateak. Adi egon behar dut estreinaldiak nola doazen, konpetentziak zer egiten duen, hedabideetan zer eta nola agertzen den... Karguak, bestalde, pertsona publiko egin nau, eta alor hori, nik, ez neukan batere landuta. Komunikazioaren alorrean eragin handia duen hedabide multimedia da EITB.  

Oraingoan, barruko langile bat egin dute zuzendari nagusi. Zure profila ez da hain politikoa. Igarri da hori, zure ustez?
Etxe barrukoa izateak lantaldearen tripak eta bihotzak gehiago ezagutzea dakar. Talde-lana egiten dugu, eta profesionaltasuna dugu ardatz. Albistegietarako moduan, bost irizpide nagusi ditugu: objektibotasuna, neutraltasuna, inpartzialtasuna, aniztasuna eta egiatasuna. 

Zenbateraino eragiten du politikak zuzendariaren erabakietan? Aldenduago beharko luke kazetaritzak politikatik?
Noski kazetaritzak aldenduta egon behar duela. Aipatu ditut gure albistegietan nagusi diren bost irizpideak. Agerian praktikatu behar dira, eta neutraltasun hori zaindu behar da. Beste galdera bat litzateke ea ez ote dagoen politika gehiegi gure albistegietan. Eta hori izan daiteke. Poliki-poliki bagoaz hori aldatzen, eta ahalegina egiten ari gara arlo sozialean, ekonomikoan… gehiago sartzen. Azken batean, dena da politika, baina uste dut bagoazela joera aldatzen.

Bi urte eta erdiotan zeintzuk izan dira zuretzat unerik gogorrenak eta gozoenak?
Une latzenak izan dira, noski, doikuntza ekonomikoen ondorioz lehen urtean hartu behar izan genituen neurriak. Atari elektronikoari dagokionez, kostuen fakturazioa murriztu egin behar izan genuen, eta irratietan hainbat lanpostu erregularizatu nahian izan gara. Lortu dugu, eta kalitatezko lanpostu sendoak lortu ditugu; 49 plaza. Baina horrekin batera, dakizuenez, beste amortizazio batzuk egin behar izan dira, eta horrek sortu dituen deserosotasunak eta drama pertsonalak mingotsak izan dira.

Eta une gozoak zeintzuk izan dira?
Lehenengo urtea pasatu eta ikusi genuenean gai izan ginela talde multimedia handi hau aurrera eramateko. Atari digitalaren datuek gora egin dute, urtea emandako datuetan amaitzea lortu genuen, ETB1 katean egun osoko programazioa ezarri dugu... Bazegoen zalantza ea aurrekontuaren txikitzearekin gai izango ginen. Eta gero, marka kontsolidatzea lortu dugu, esaterako, Gu ta gutarrak, Herri txiki infernu handi edo Todos los apellidos vascos saioekin. Eta zineman, hor dago Ocho apellidos vascos eta Loreak filmen arrakasta.

EITBren egoera ekonomikoa da zure borroka nagusia. Ahalegin horrek izan du emaitzarik?
Emaitza ekonomikoaren aldetik balorazioa positiboa da, ez dugu-eta defizitaren kargarik gehitu. Uste dut telebista autonomiko bakarra garela –galiziarrak kenduta– horrelako zenbaki orekatuetan mugitzen garenak. Neurriak hartu behar izan dira, eta ez dira neurri batere erosoak izan.

Diru gutxiago izan duzue azken urteotan, eta helburuetako bat izan da ETB1 indartzea. Igarri duzue audientzia datuetan?
Zaila izan da diru gutxiagorekin barne produkzioa handitzea ETB1 katean. Gertatzen dena da merkatuaren bilakaerarengatik beste arlo batzuk ere beherantz joan direla. Kirola, esaterako. Oso garrantzitsua izan da kirola ETB1 katean, baina gertaera garrantzitsuenek oso prezio handia hartu dute, eta merkatuak ez ditu gure esku uzten. Zineman ere arazo handiak daude pakete handiak eta film onenak lortzeko. Azken urteotan ez da bakarrik arlo ekonomikoan gutxiagora joan garela, merkatua ere asko zaildu da. Ezintasun nagusienetako bat hori da.

Konpetentzia handia da, hortaz?
Konpetentzia erabat handitu da, eta duopolio ahaltsu bat dago emisio irekian. Batetik, Mediasetek eta Tresmediak publizitatearen %85 hartzen dute, eta, bestetik, dirua dute nahikoa eta sobra, eta gero eta gehiago, gainera. Euren artean egiten dute konpetentzia, eta oso zaila da hor burua altxatzea. Zaila dugu marka kontsolidatzea ez badugu asmatzen eta konektatzen gure jendearekin, gure herriekin eta gure istorioekin. Azken batean, gure identitatearekin. Eta horretan dihardugu buru-belarri. Ideia bat egiteko: Estatu mailako telebista batek 700.000 euroko inbertsioa egiten du prime time-an emititzeko fikziozko telesail bateko kapitulu bakar batean. Bada, eurak hamar inbertitzen badute, guk bat. ETB1 kateari ematen diogu lehentasuna kontu honetan, eta aurten ahalegin handia egin dugu epokako telesail bat egiteko. Gustatuko litzaiguke urte osoan zehar emititu ahal izango bagenu fikziozko telesail bat, baina gure aurrekontuak ez du hori ahalbidetzen.

Eginda izango duzue hausnarketa. Ze faktorek dute eragina lehen kateko audientzietan?
Gure herriarekin konektatzeak. Gure herriaren istorioekin, jakin-minarekin eta buruhausteekin asmatzeak. Gertutasunak. Hor plus bat eman behar dugu. Fakturazioaren eta baliabideen aldetik ezinezkoa zaigu borroka parekatu batean lehiatzea. Gu lehia gaitezke informazioaren eta entretenimenduaren alorrean, betiere, plus hori emanda. Eta hor asmatu egin behar dugu.
Informazioan eta gaurkotasuneko saioetan izan da lehiakorren EITB. Gaur egun ere horrela da?
Bai. Argi dugu hori dela gure bizkarrezurra, eta hor jartzen ditugu bai giza baliabideak bai bestelako baliabideak ere. 

Telebista pribatuetan arrakastatsuak diren saioetako ereduak inportatu ditu ETB1ek nerabeendako. Emaitza ona izan da?
Aitortu behar da telebista ez dela gazteek erabiltzen duten euskarria. Gehiago daude tabletan edo mugikorretan, baina saiakera bat egin dugu. Gu ta gutarrak saioa kopia dela? Bai, kopia da, baina gure balio positiboak sartzen ditugu bertan: gure arteko harremanetan sakontzen du, neska-mutilen artekoetan, kuadrilla kontzeptuan…

ETB1 gaztelaniazko katearen mesedetan edo azpian egotea kritikatu izan zaio askotan EITBri. Zer erantzungo zenuke?
Esango nuke ahalegina egiten ari garela ETB1 katean barne produkzioko produktuekin egun osoko programazioa osatzeko. Argi ikusten da denetik jartzen dugula. Kirola euskaraz bakarrik ipintzen dugu. Eta fikzioa, genero garestiena izanik, euskarazko katean bakarrik egiten dugu. ETB2n ez dugu ez bata ez bestea egiten.

Irratiek datu onak ematen dituzte. Badirudi erdal hedabideen parean daudela bai Euskadi Irratia bai Gaztea. Zein da gakoa?
Irratien emaitzekin oso pozik gaude. Hemen ahotsarekin lehiatzen dugu, eta uste dut Euskadi Irratian oso hiztun onak ditugula. Zoragarri hitz egiten dute euskaraz, eta komunikatzaile bikainak dira. Uste dut munduan egon daitezkeen euskarazko komunikatzaile onenak ditugula. Eta edukiak oso ondo lantzen dituzte. Oso garrantzitsua da hori irrati indartsu bat egiteko. Eta Gaztean oso formula profesionala eta aurrerakoia erabiltzen ari garela uste dut. Bere garaian, musika kate tematikoek musika bakarrik ematen zuten, eta Gaztea aitzindaria izan zen musikarekin entretenimendua tartekatzen. Eredugarri izan dela uste dut, eta asmatu egin dugula. Eta asmatzen jarraitu beharko dugu, beste kate batzuk berdina egiten hasi dira eta.

Tokikom elkartearekin elkarlanean diharduzue. Pozik emaitzekin?
Hasieratik jarri dut nire borondatea, nire ahotsa eta nire posizionamendu pertsonala zein profesionala horren alde. Hitzarmen bat edo beste sinatu dugu, eta emaitzak, nire ustez, positiboak dira. Ziurrenik, gauza gehiago egin daitezke, baina bidea zabalduta dago, eta jarraituko dugu aurrera.

Zein norabidetan egin daiteke bide hori?
Bada denbora bat ez dudala bilera horietan parte hartu, baina hurrengo pausoak izan daitezke pertsonei begira, eta ez produktuei begira bakarrik. Garapen profesionala, elkartrukeak… ez dakit. Euskarari begira estrategia komun bat ere landu daiteke. Nora jo, zer egin, buruhausteak eta arazoak konpartitu… Nahiko sare aberatsa delakoan nago, baina hemen ere asmatu egin beharko dugu. Euskararekin lan egiten dugun guztiok dakigu zaila daukagula. Badaukagu publiko bat oso fidela dena, baina konkista asko egiteko dauzkagu oraindik. Euskararen kontsumoa handitu egin beharko genuke, eta asmatu egin behar dugu horretan. Hor daukagu erronka.

Etorkizunean non ikusi gura zenuke EITB erakunde publikoa?
Gustatuko litzaidake lidergoa izatea albistegietan, eta, ahal bada, alde handiagoarekin. Eta gustatuko litzaidake marka ahaltsu bat izatea, eta gure komunikatzaileak erreferente izatea. Alegia, norbait esnatzen denean, goizero, gure irratiak/weba/telebista piztea. Behar hori sentitzea.

Badirudi laster zabalduko dela EITBren seinalea Nafarroa osora.
Horretan dihardugu. Borondatea badago, eta bilera teknikoak egin ditugu. Kultura, euskara... behar komunak ditugu. Anai-arrebak gara, eta elkartu beharrean gaude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak