'Ezetz asmatu nolakoa den nire bizitza' kanpaina aurkeztu du Atzegik Debagoienean

Mirari Altube Arrese 2015ko urr. 9a, 14:31

Sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du Atzegik, adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak egunotan; lehenengo Donostian, eta atzo Aretxabaletan, Debagoieneko taldeak. Gizartean dauden estereotipoak apurtzea du helburu kanpaina horrek, eta adimen urritasuna duten pertsonen bizitzaren inguruan gizartean dagoen ezjakintasunean eragin gura dute.

Ezetz asmatu nolakoa den nire bizitza. Halaxe esaten diete Atzegiko kideek gainerako herritarrei. Lelo parte-hartzailea eta ausarta aukeratu dute aurtengo kanpainarako. Eta helburua da adimen urritasuna duten pertsonen bizimoduaren gainean dagoen ezjakintasunean eragitea.

Kanpainaren berri emateko Atzegiko kideak eta familiak elkartu ziren Aretxabaletan, hain zuzen Durana kalean Atzegik duen etxebizitzako kideak ziren horietako asko. Eta jakinarazi zuten lanera joaten direla gainerakoak legez, eta ondoren kirola egitea eta lagunekin egotea gustuko dutela.

Argazki eskaera

Astean abian jarri duten kanpainarako hainbat material gertatu dute. Batetik 8.000 kartel banatu dituzte Gipuzkoan, horietatik 400 inguru Debagoienean. Eta bestetik edonork erantzun dezakeen galdetegi bat jarri dute Atzegiren webgunean, ezetz asmatu? leloarekin.

Gainera, iaz legez, argazkiak bidaltzeko eskatu dute aurten ere #HorrelakoaDaNireBizitza hashtag-a erabilita. Twitter, Facebook eta Instagramen bidez jasoko dituzte horiek edo WhatsApp bidez honako zenbakira bidalita: 609 703 706.

Urriaren 17an, Antzuolan, jolasak

Era berean, jakinarazi zuten Debagoieneko kideek Antzuolan dutela hurrengo hitzordua, urriaren 17an. Eskolako patioan elkartuko dira Atzegiko familiak eta jolasean jardungo dute 11:00etatik 13:00etara bitartean. Trebezia jokoak, talde laneko jolasak, eta zorte jokoak egingo dituzte lau laguneko taldeak osatuta. Egun pasa polita izango delakoan Debagoieneko Atzegiko kide guztiak gonbidatu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak