Rafael Moneorekin mahai-ingurua zapatuan Arantzazun

Goiatz Arana Begiristain 2015ko ira. 10a, 20:00

Astean, Arantzazuko Amaren Egunean, 65 urte bete dira basilika berria eraikitzeko lehen harria jarri zutela Arantzazun; eta 60 urte dira lanak bukatu zituztela. Bada, 60. urteurrenean, eraikinari berari eta haren egile izan ziren Francisco Saenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoei omenaldia egingo diete zapatuan: mahai-ingurua, bisita eta pintura-lehiaketa antolatu dituzte. Arkitektoek oso lan garrantzitsua eta apurtzailea egin zutela azaldu du Iñaki Beristain frantziskotarrak.

XX. mende erdialdeko arkitektura modernoaren sinbolo esanguratsua den Arantzazuko Basilikaren egile Francisco Javier Saenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoen ibilbide profesionala aintzat hartzea, aurten 60. urteurrena betetzen duen eraikinari omenaldia egitea, eta Arantzazu gizarteari gerturatzea eta gizartea Arantzazuri. Horiek izango dira Arantzazuko frantziskotarrek, Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur Fundazioak antolatu duten oroitzapen-jardunaldiaren xede nagusiak. 

Mahai-ingurua eta bisita

Irailaren 12ko jardunaldiko programa osoa honakoa izango da:

  • 10:30 Gandiaga Topagunean, mahai-inguruan hartuko dute parte Rafael Moneok, arkitekto ospetsua eta Pritzker Saria; Javier Saenz Guerrak; eta Enrique Arenasek. Saenz de Oizaren eta Laorgaren alderdi pertsonalari eta profesionalari buruz jardungo dute. (Rafael Moneo Saenz de Oizaren estudioan hasi zen lanean arkitektura-ikasketak egiten ari zela. Eta Saenz Guerra eta Arenas arkitektoak dira, eta Saenz de Oizaren eta Laorgaren semea eta biloba, hurrenez hurren).
  • 12.30 Basilikan, Nafarroako Arkitektura Eskolako zuzendari Miguel Angel Alonso arkitektoak eraikinaren irakurketa egingo du, Xabier Lizaso piano-jotzailearen emanaldi laburrak lagunduta. 

Pintura-lehiaketa

Oroitzapeneko eta omenaldiko jaialdi hau prestatzeaz eta antolatzeaz gain, Arantzazuko frantziskotarrek, Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur Fundazioak euren indarrak eta baliabideak batu dituzte Saenz de Oizari eta Laorgari gorazarre egitera bideratutako beste zenbait ekintza aurrera eramateko: alde batetik, egun horretarako Xavier Alvarez de Eulate pintura-lehiaketaren III. ekitaldia antolatu dute; eta Arantzazu aldizkariak arkitektoei eskainitako zenbaki monografikoa editatu du.

Pintura-lehiaketan nahi duen orok hartu ahal izango du parte. Hiru kategoria daude: helduena (16 urtetik gorakoak), gazteena (12 eta 16 urte bitartekoak) eta umeena (11 urte artekoak). Lehiakideek Arantzazuko Santutegiko edozein zoko, paisaia edo monumentu margotu ahal izango dute, eta teknika librea baliatuz sortutako lan bakarra aurkeztu. 

Zigilatzea eta izen-ematea Arantzazuko Gandiaga Topagunea kultur zentroan egingo dira 10:00etatik 12:00etara, eta obrak leku berean entregatu beharko dira 16:00etatik 17:00etara, sinadurarik gabe. Rafael Moneok eta Miguel Angel Alonsok osatuko dute epaimahaia, Edorta Kortadi arte-kritikoarekin eta Xabier Egaña margolariarekin batera. Helduen kategoriako lehen saridunak 1.500 euro eta diploma lortuko ditu; bigarrenak, 750 euro eta diploma; eta hirugarrenak, 400 euro eta diploma. Gazteen eta haurren kategorietako irabazleek pintura-material sorta bana eskuratuko dute.

Aurten, gainera, Saenz de Oiza eta Laorga izeneko sari berezia ere izango da, eraikinaren arkitektura egokien irudikatzen duen parte-hartzailearentzat. Irabazleak 1.500 euro eta diploma eskuratuko ditu.

Monografikoa

Bestalde, Arantzazu aldizkariak omenaldiari bere ekarria egin nahi izan dio eta, horretarako, harpidedunei doan helarazi dien zenbaki monografiko berezia prestatu du. Irudi askoko argitalpen horrek, besteak beste, honako gaiak jorratu ditu: Arantzazuko Basilikaren historia bi zatitan, Ama Birjinaren agerralditik 1950era eta 1950etik 1955era (Basilika eraiki zen aldia); Saenz de Oiza eta Laorgaren biografiak eta eraikinik esanguratsuenak; arkitektoen alderdi pertsonala lantzeko, familiartekoek oroitzapenez jositako testu bana idatzi dute; Saenz de Oizaren babesean arkitekto egin zen Rafael Moneori egindako elkarrizketa; eta Javier Garrido frantziskotarrak eraikinaren gainean egindako irakurketa estetiko-kritikoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak